Zabaltze plan honek ordutegi aldaketak ere ekarriko ditu. Orain arteko arratsaldeko ordutegia ordu betez luzatzea onartu zen; Hori dela eta, aparkaleku arautuaren ordutegia arratsaldeko 21:00 arte izango da. Baina aldaketa guzti hauek ez dira berehala martxan jarriko, TAO gune berrietako aparkalekuak egokitu egin behar dira-eta.
TAO sistemari alegazioak
Egueneko osoko ez ohizko batzarrak, TAO gunea zabaltzeko planak jasotako bi erreklamazioak aztertu ostean bakarra aurrera ateratzea onartu zuten aho batez. Gauzak honela, Zubieta kaleko 2 eta 4. portaletako bizilagunei egoile txartelak emango zaizkie, bizilagunek azaltzen zuten bezala, TAO gunea indarrean jartzen denean, non aparkatzeko tokirik gabe geldituko baitira.
Bigarren alegazioak ez zuen udalbatzaren onespenik jaso eta aldeko lau bozka jaso harren, ez zen aurrera irten. Udalak dionenez, nahiz eta TAO gunea handitu, Katabia kaleko egoera Herri Lagunak kaleko bizilagunek dutenarekin parekatu daiteke eta ondorioz, ez dute egoile txartela jasotzeko behar berezirik ikusten. Hortaz, Katabia kaleko bizilagun batek aurkeztutako alegazioa bertan behera geratzea onartu zuen udalaren ez ohiko bilkurak. Udalak hartutako erabakia 15 egunez publiko egin ondoren, eta inork alegaziorik azaltzen ez baditu, behin betiko onartua geldituko da.