Bergarak 4 eta 0 irabazi dio Ordiziari, baina partidua ez da izan ona

Oihana Elorza Gorostiza 2011ko mar. 13a, 19:36

Etxeko taldea baloia ezin kontrolatu ibili zen lehen zatian. Ordizia, berriz, azkena doa sailkapenean eta etsita atera zen futbol zelaira. Lau goletatik bi, Ordiziak sartu zituen bere atean.

Ez Bergarak ezta Ordiziak ere ez zuen partidu ona egin, baina jokoan zeuden hiru puntuak etxean gelditu ziren, eta Oskar Maiztegik zuzentzen duen taldeko kideak, pozik. Baita bera ere. "Azken bi partiduak galdu egin ditugu eta hiru puntu hauek ondo etorri zaizkigu, animoa bultzatzeko", adierazi zuen Bergarako entrenatzaileak partidua bukatu ostean.

Zelaiaren egoera txarra

Talde biek egindako joko kaskarrari buruz, Agorrosin futbol zelaiaren egoerak zer ikusi handia izan zuela uste du Maiztegik. "Euria egin du, horrek zuloak sortu ditu zelaian eta zulo horiek ez dira behar bezala bete, eta zelaia ez zegoen berdinduta. Horrek zaildu egin du baloia kontrolatzea. Lehen zatian, bestalde, bero egin du, eta igarri egin dugu hori. Ordiziari buruz, azken postuan daude eta nahiko etsita etorri dira. Lehen gola erabakiorra izan da euren animoak jaisteko. 3 eta 0 egin dugunean bukatu da partidua eurendako", zehaztu du Bergarako entrenatzaile Oskar Maiztegik.

Bi gol euren atean

Bergara taldeko ohiko 11ko bi jokalari zigortuta zeuden eta bat gaixorik. Horregatik, hiru jokalari berri sartu zituen Maiztegik hasierako hamaikakoan, bi defentsa eta erdilari bat, "baina horrek ez du jokoa baldintzatu", argitu du Maiztegik. Lehen 45 minututan zatian aukera asko izan zituen Bergarak, baina lehenengo gola lehen zatia bukatzeko minutu bat falta zela sartu zuen Martin Alvarezek. Ordiziako atezainak baloia atera, defentsaren eta bere erdian gelditu eta Alvarezek aurkera aprobetxatu zuen gola egiteko. Hurrengo bi golak bigarren zatiko bigarren eta hirugarren minututan egin zituzten. Bigarrena Ordiziako defentsak sartu zuen bere atean,  Bergarak erdiratzea egin ostean eskumatik. Hirugarrena, Markel Iltzarbek egin zuen, areaz kanpoko jaurtiketa zuzen batekin. Azkena, 89.minutuan, Ordiziako atezainak sartu zuen bere atean, Imanol Cabanillasen korner zuzena gorputzarekin geldituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak