Kantuan eta txaloka ibili ziren Pantxoa eta Peioren kontzertura joan zirenak, Iparraldeko bikotearen zaleengandik espero den bezala.
Lepoan hartu
Eñaut bidegorri kantuarekin hasi zuten emanaldia, eta abestia bukatu ostean agurtu zituzten Ospitalek eta Carrerek Bergarako udal pilotalekuan zeuden entzule eta zale guztiak. Bikotearekin batera, Michel Ducau gitarra jotzen, eta beste bi lagun esku soinua eta baxua jotzen. Bost lagun guztira oholtza gainean, eta behean, entzuten, zale ugari. Hiru belaunalditakoak ere bazeuden tartean. Frontoiko behe aldea, beteta.
Ordu t'erdi pasatxo iraun zuen kontzertuak. Lepoan hartu abestiarekin agurtu ziren, baina jendeak gehiago gura zuen, eta bisetan, Kanta aberria kantatu zuten. Telesforo Monzonen heriotzaren urteurrenaren harira antolatutako kontzertua izanik, gogoan izan zuten Monzon. Kontzertuaren bigarren erdian haren hitzekin egindako kantuak abestu zituzten. 1968an ezagutu ei zuten eurek bergararra, 20 bat urte zutelarik.