Bergarako Udalak Errege Seminarioko ale baliotsu bat maileguan utzi dio Donostiako Untzi Museoari bertan antolatuko duten Baleazaleak izeneko erakusketan ikusgai jartzeko.
Balea hezurrak seminarioko eraikuntzaren ganbaran zeuden abandonatuta eta 1994. urtean museoko lan-talde teknikoak hezur horiek errekuperatu zituen. Balea horren eskeleto guztia ez duten arren, bere 50-60 pieza baliotsu inguru dituzte gordeta eta balea horrek zehazki 12 metro inguruko luzera zuela uste dute.
Seminarioko proiektuko Iñaki Irizar langilearentzat ohorea da horrelako espezie berezi baten hezurdura herrian izatea, izan ere, "mende askotako jarduera baten testigu da eta balio zientifiko handia du".
Donostiako Untzi museora
Orain urtebetez Donostian izango da; aurretik, baina, piezari garbiketa teknikoa egingo diote Artelekun eta bertara eraman dute gaur.
Xabier Aranburu Bergarako udal museologoari alde batetik pena ematen dio hezurdura hori Bergaratik ateratzea, baina beste alde batetik, oso pozik dago "horrelako erakusketa inportante batean Bergararen izena egongo delako".
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako Untzi Museoak hurrengo hilabetean zabalduko ditu ateak eta hurrengo urteko martxora arte egongo da Bergaratik eramandako hezurdura bertan ikusgai.