Euskarazko film laburren bira Bergarara iritsiko da martitzenean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko martxoaren 11

Azken urtean ekoitzitako euskarazko bederatzi ikus-entzunezko ikusteko aukera egongo da datorren martitzenean Bergaran. Topaguneak jarri du martxan ekimena, eta Jardunek Bergarako saioa antolatu du.

Laburbira paregabeko aukera da euskarazko produkzioa ezagutarazteko, eskaintza herri askotara zabalduta. Aukera ona da, ez bakarrik egilearendako, baita ikus-entzulearendako ere. Laburbira jasotzen duten herri asko txikiak direla kontuan hartuta, gutxitan izaten dute zinema bertan eskaintzeko aukera. Gainera, egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz, saio askotan solasaldia egiten da egileekin proiekzioaren ondoren.

Asier Altuna, 'Kixi'

Bergaran, Axier Altuna Kixi egongo da martitzenean Aroztegin. Artalde filma erakutsiko du bergararrak. 2009an grabatutako lana da, eta zortzi minutu irauten du. Hirian galduta dabilen artzain baten istorioa kontatzen du filmean. "Oso metaforikoa da filma, ondo sartzen da umore puntua duelako. Gainera, pentsarazteko balio du", azaldu du Kixi-k.

Herritarren aurrean

Zuzendari bergararrarendako "polita" izango da herrian erakustea Artalde. "Bergara eta Arrasate aldeko jende askok parte hartu du filmean; hortaz, euren burua ikusteko gogoz egongo dira", azaldu du. Laburbira bezalako ekimenek euskarazko produkzioa zabaltzeko balio dutela dio, eta, modu baten, zikloa ixten dutela: "Filma herritarrengana iristen delako".

Kepa Errasti

Debagoieneko beste zuzendari baten filma ere erakutsiko dute Laburbiran: Kepa Errastiren Maritxu film laburra.

Kameratoia 2010

Topaguneak 2010ean egin zuen Kameratoia lehiaketako beste hiru film ere eskainiko dituzte martitzenean. Aukeratutako lanak hauek izan dira: Zapatilla Films taldearen Biak bat lana –2. saria eskuratu zuen–; Trastaka taldearen Barrura begira; eta Kontraplano taldearen Nire bista faboritoa.

'Artalde'

Asier Altuna bergararrak 2009an egindako lana da Artalde. Hirian galduta dabilen artzain bat artaldearen bila dabil. Haren deiek hiritar batzuen arreta erakarri eta atzetik joateko erabakia hartuko dute.

'Blank postcards'

Aitor Artola, Irune Gurtubai eta Ibai Vigil-Escalerak egindako lana da. Denok ditugun sekretuen gainean jardun dute film laburrean. "Orain anonimoa zara. Kontatuko?"; hori da hiru zuzendariek galdetzen dutena.

'S@rtalde'

Jon Artola Artano lazkaotarrak zuzendutako film laburra da S@rtalde. Sartalde eta mendebaldeko zibilizazioan, gizakia ez da naturaren parte sentitzen; sortalde eta ekialdeko zibilizazioan, ostera, meditazioari proposamena egiten diote.

'OndarAhoak'

Angel Aldarondo donostiarrak egindako lanak lau minutu eta erdiko iraupena dauka. Arrain artean jaio zen; horregatik, beharbada, atunen elikatze etapen gaineko filma egin du. Kantauri itsasoan egiten du atunak elikatze etapa aktiboa.

'Maritxu'

Kepa Errasti aretxabaletarraren film laburrak 80 urteko emakume baten istorioa kontatzen du. Maritxu alarguna da eta baserri baten bizi da, bakarrik. Orduak luze egiten zaizkio eta alabari bisita egiteko zain pasatzen du egun osoa.

'Esku-titi'

Saioa Aizpurua Oreretan jaio zen. Antzerkigintza-zalea, ikus-entzunezko 2008ko Kameratoian parte hartu zuen Armiarma gizona. Egiatik gezurrera film laburrarekin. Lan berrian, gaurko arropen gainean jardungo du Aizpuruak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak