Eneko Mugurutza: "Brometan esan nuen hiru txapel irabazi behar nituela aurten, eta lortzeko bidean naiz"

Xabier Urtzelai 2011ko martxoaren 10a

Eneko Mugurutzak (Bergara, 1987) federazioak antolatzen duen torneo garrantzitsuenetako bat irabazi berri du, Euskal Liga. Torneo horietan ez da diru-saririk egoten: "Baina txapelak benetan izaten dira politak, eta ilusioa ematen du, izen handiko torneoak izaten direlako. Irabazi berri duen txapela berriaren eta orokorrean, Bergarako klubaren gainean egin digu berba.

Ondo hasi duzu urtea. Txapelketa hasterakoan espero zenuen garaipena lortzerik?
Euskal Ligara sailkatzeko lehenengo Gipuzkoakoan ibili behar duzu ondo, eta txapelketa horretan ondo ibili nintzen arren ez nuen espero txapela irabazterik. Banuen aurrean ibiltzeko esperantza, baina ez irabaztekoa.

Finalerdietan etxean Errearen kontra malda gora jarri zitzaizun kanporaketa.
Bai, Bergaran jokatuta ez nuen uste horrenbeste sufrituko nuenik, atzetik joan ostean 22-21 irabazi nuen-eta partidua. Horrek, baina, moralki bultzada handia eman zidan, eta itzuliko partiduan, Iruñean, ondo irabazi nion.

Ez da, ba, normalena.
Nik uste dut Erreak zera pentsatu zuela, Bergaran 21 tanto egiteko gauza izan bazen Iruñean ondo irabaziko zidala. Baina kontrakoa gertatu zen, hango pilotalekuan hobeto moldatu nintzen, pilota biziak atera nituen, eta sakez min egin nion.

Eta finala etxekoen aurrean.
Bai, polita izan zen txapela Bergaran irabaztea. Gainera, oso motibatuta banengoen ere, ligaxkan Salaberriak zortzi tantotan utzi ninduen, eta banuen horren beldurra. Azkenean, baina, nik ondo jokatu nuen, eta berak ez zuen bestetan erakutsitako maila erakutsi.

Alde horretatik, pilotari moduan eskertu egingo duzue klubak horrelako final bat norberaren herrira ekartzea.
Eskertzekoa da, bai. Iaz federazioari eskaera egin ziotenean klubeko arduradunek ez zuten usteko ni finaleraino iritsiko behar nintzenik, baina halaxe izan da, eta asko eskertzen da.

Gipuzkoako eta Euskal Herri Artekoa 2009an, Euskal Liga orain... poliki-poliki txapelak batzen.
Bai, dagoeneko zazpigarren txapela da, eta etor daitezela gehiago, seinale ona izango litzateke hori.

Datozen hilabeteotan ze txapelketa dituzu begiz jota?
Euskal Ligakoa torneo luzea izan da, eta Debarrokoa ere luzea izango da, zortzi talde gaude-eta bertan. Horrekin batera, hemendik eta udara arte torneo mordoa daude.

Herri Artekoan iaz kolpea jaso zenuten.
Bai, aurtengorako oraindik zozketak ere ez dituzte egin, baina lan polita egiteko moduko taldea dugula uste dut. 2009an txapela irabazi ostean, bazirudien iaz talde faboritoetako bat ginela, eta konturatu orduko kalean ginen. Uste dut kategoria guztietan pilotari onak ditugula.

Eta Debarrokoan?
Orain hasi dugu torneo hori, hiru jardunaldi jokatu ditugu eta Jauregirekin edo Azkaraterekin osatzen dut bikotea, lan kontuak tarteko, ahal dugun moduan ibiltzen gara. Momentuz bigarren postuan gaude, Elgetakoen atzetik, eta gauzak ondo egiten baditugu finalerdietan egoteko moduan gaudela uste dut

Eta, zela ikusten duzu kluba? Bergarako pilota taldea?
Nik ondo ikusten dut, Reyes [Azkoitia] behintzat hor ibiltzen da aste osoan gaztetxo mordoarekin pilotan. Kategoria txikietan uste dut 60 pilotari inguru ditugula, eta zenbateko polita da hori. Igartzen da, baina, infantil mailara iristerakoan futbolean... beste kirol batzuetan hasten direla, eta askok pilota utzi egiten dutela. Garbi dago, baina, pilota atsegin duenak ez duela beste kirolik aukeratzen. Esaterako, senior mailan hamar pilotari gaude, eta hori zenbateko polita da. Bestalde, herri batzuetan entzuten dugu pilota eskolan ez dutela gaztetxorik, baina ez dut uste gure kasua denik.
Horrenbeste gaztetxo pilotan egoteko, baina, garbi dago Reyesek zeresan handia duela. Julenen eta Jonen laguntzarekin egunero ibiltzen da gazteekin pilotalekuan, eta adin horretako gaztetxoekin pazientzia handia behar da.

Jarraitzen duzu pilota profesionala?
Bai, apur bat bai. Binakako txapelketa jarraitzen nabil.

Garestitu egin da finalerdietarako txartela.
Bai, denak parekatu egin dira, eta azken jardunaldira arte ez dut uste ezer erabakiko denik. Neurri handian uste dut horregatik luzatu dutela txapelketa, pilotaleku gehiagotan partiduak antolatu eta jendea erakartzeko.

Nor ikusten duzu indartsu?
Nik Xalaren eta Barriolaren alde egin nuen txapelketa hasterakoan, eta gainera apustua dut lagun batekin.

Eta nork eman dezake ezustea?
Ez dakit ezustea izango litzatekeen, baina argi Gonzalezekin eta Laskurainekin. Gainontzekoek erakutsi dituzte karta guztiak, baina hauek atzetik aurrera datoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak