Telesforo Monzon plazak dagoeneko badu plaka

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko martxoaren 9a

Gaur, eguaztena, 30 urte bete dira Bergarako euskaltzale eta abertzale ezaguna hil zela. Hori horrela, omenaldi xumea egin diote Udalak eta Olaso Dorreak.

Omenaldi xume baina polita egin diote Telesforo Monzon zenari gaur eguerdian jaioterrian. Haren izena daraman plazari plaka jarri diote; izan ere, Udal Artxiboaren gaineko plazatxoak, Olaso Dorre ondokoak, ez zeukan plakarik, Telesforo Monzon izena eduki arren.

Plaka bistaratu aurretik, lore sorta jarri du haren azpian Agurne Barruso alkateak, eta ondoren plaka bistaratu du, ekitaldira hurbildu diren herritarren txaloek lagunduta. Plaka bistaratu eta gero, ohorezko aurreskua egin dio dantzari batek.

30 urte bete dira gaur Monzon hil zela eta haren irudia goratu eta dagokion lekua emateko hainbat ekitaldi antolatu dituzte Udalak eta Olaso Dorrea fundazioak. Gaurko omenaldi ekialdia ere sorta horren barruan dago.

Ekitaldiekin jarraituz, egubakoitzean, hilak 11, Mozon sailburu izan zenekoa delako hitzaldia egingo du Ludger Mess historialgileak, 19:00etan, Olaso Dorrean.

Zapatuan, hilak 12, Pantdxoa eta Peion kontzertua egingo dute Udal Pilotalekuan, 22:30ean.

Bestetik, Ezker Abertzaleak ere ekialdia deitu du domekarako, hilak 13, 18:30ean, Udal Pilotalekuan, "Monzonen memoria goratzeko eta haren mezuaren gaurkotasuna aldarrikatzeko". Ekitaldi horretan Monzon nolakoa zen gogoraraziko dute, haren hitzak eta berreskuratuz eta ezagutu zutenen adierazpenak jasoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak