Oiarbide EAJren batzarkidea da gaur egun Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta, era berean, hirugarren doa EAJren zerrendan hurrengo hauteskundeetarako Deba-Urola barrutitik. Orain dela lau urteko Udal hauteskundeetan zerrenda buru joan zen German Muruamendiaraz ordezkatuko du. Azken Udal hauteskundeetan, EAJk 5 zinegotzi lortu zituen eta bigarren indarra izan zen EAE-ANVren atzetik (6 zinegotzi). Berriro ere alkatetza lortzea izango da Bergarako jeltzaleen helburua.
GOIENAko kolaboratzailea
46 urte ditu. Errenteriarra da jaiotzez, baina urte askotan bizi da Bergaran. Ezkondua da eta seme baten ama da. 16 urterekin afiliatu zen EAJra. Euskal Filologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatetik eta telebistako ekoizpenenetan dihardu urte askotan, produktore lanetan. Batzar Nagusietan, bide azpiegituretarako EAJren bozeramailea da. Goienako kolaboratzailea da: iritzi zutabegilea da paperekoan eta Tertulia saioan parte hartzen du telebistan.
Bergara "ekintzaile eta lehiakorra"
Oiarbidek bere hautagaitzaren ardatz nagusiak aurreratu dizkio GOIENAri. Hala, adierazi du, inprobisazioz ez dutela jokatuko eta "benetako kudeaketa plan bat" aurkeztuko dutela. "EAJ da gestio onaren bermea" esan du. Era berean, Bergara "ekintzaile eta lehiakorra" izateko lan egingo dutela, Bergara "iluntasunetik atera" eta komunikazioa "berreskuratuko" dutela. Eta, horretarako, Bergarako "herriaren alde" lan egingo duen "lan talderik onena "prestatuko" dutela.