(Argazkiak: Bergarako Udal Artxiboa. Roman Larrañaga Fondoa / Josuren Murgizu / GipuzkoaKultura)
Etzi, martxoaren 9an, betetzen dira 30 urte Telesforo Monzon (Bergara, 1904) hil zela. Hori dela-eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Bergarako Udalak, Olaso dorrea fundazioak eta ezker abertzaleak. Besteak bete, hiru hitzaldi antolatu dituzte. Lehena, gaur. Bigarrena, egubakoitzean: Ludger Mees EHUko historia katedradunaren eskutik. Azkena, hurrengo astelehenean, hilaren 14an: Iñaki Egaña historialariaren txanda izango da.


Herri xeheari hurbildu zitzaion aristokrata
Halaxe dio Izagirrek gaurko hitzaldiaren sarreran: "Harrigarria badirudi ere, aristokratek, askotan, burgesak ez daukan halako txera edo miresmen bat eduki ohi dute herriarengana. Gurasokeria izan liteke, baita idealizazioa ere. Baina Monzon da, gurean, asmoz eta hizkuntzaz herri xeheari hurbil egon nahi izan duen aristokrata bakanetakoa, bakarra ez esatearren. Langostak eta lur-sagarrak. Berba biok Telesforo Monzonen artikulu banaren tituluetakoak dira, eta, nolabait, Monzonen dikotomia edo kontradikzioa erakusten dute: saloia eta baratzea, ministroekin eginiko afariak eta laborariekin izandako solasak, minuetoa eta bertsoa... Ertz horiek osatzen dituzte Monzon idazlearen orrialderik bikainenak".
Telesforo Monzonen obra osoaren editoreetako bat izan zen Koldo Izagirre. Bergararraren prosa baliotan ipini zuena.
Hiru berbaldiak
Koldo Izagirre: Telesforo Monzonen langostak eta lur-sagarrak. Astelehena, martxoak 7. Olaso dorrea. 19:00.
Ludger Mees: Telesforo Monzon eta Jose Antonio Agirre: bi lagun, bi politika. Egubakoitza, martxoak 11. Olaso dorrea. 19:00.
Iñaki Egaña. Telesforo Monzon. Atzoko eta gaurko gudarien arteko lotura. Astelehena. Martxoak 14. Olaso dorrea. 19:00.
Plaka Monzon plazan
Bestalde, etzi, martxoaren 9an, Monzon hil zela 30 urte betetzen diren egunean, plaka jarriko diote Telesforo Monzon plazari. Izan ere, Udal artxiboaren gaineko plazatxoak, Olaso dorrearen ondokoak, ez dauka plakarik, Telesforo Monzonen izena eduki arren plaza. Ekitaldian, aurreskua dantzatu eta lore sorta ipiniko dute. 12:00etan izango da.
Sarrerak salgai Pantxoa eta Peiorako
Panxoa eta Peioren emanaldia ere izango da. Udal pilotalekuan, martxoaren 12an. Sarrerak gaur jarri dituzte salgai 8 euroren truke. Kontzertu egunean Udal pilotalekuan ere eros ahal izango dira.
Iparraldeko bikoteak harreman handia izan zuen Mozonekin eta honek idatzitako testuekin egindako abestiak oso famatuak egin ziren trantsizio garaian batez ere. Itziarren semea, Batasuna, Lepoan hartu ta segi aurrera… dira horietako batzuk.
Ezker abertzalearen ekitaldia domekan
Urteurrenarekin bat eginez, politikari eta euskaltzale bergararra omentzeko ekitaldi "xumea baina hunkigarria" antolatu du ezker abertzaleak. Domekan, arratsaldeko 18:30ean, Udal pilotalekuan. Ume, gazte, heldu zein adinekoei irekia izango da. Ekitaldia hainbat ataletan egongo da banatuta. Batetik, Monzon bera zelakoa zen gogoraraziko duen zatia egongo da. Bere hitzez gain, ezagutu zutenen adierazpenak ere entzun ahal izango dira horretan.
Bestetik, aisialdiarekin lotutako atala izango da. Osintxuko Musiraka dantza taldea eta Bergarako bertso eskolakoen emanaldiaz gain, lagunen testigantzak jasoko dituen hainbat grabazio ere entzun ahal izango dira. Horrekin batera, Monzonen kantuak batera abestuko dituzte pilotalekuan batzen direnek. Azkenik, hitzaldi politikoa ere izango da; Agurne Barrusok eta Tasio Erkiziak hartuko dute parte horretan.


Argazki erakusketa
Bestalde, San Martin jaietan, irailean, Monzonen gaineko erakusketa egin nahi dute argazkiekin-eta. Udal artxiboaren ardura da erakusketa prestatzea.
'Monzon' pastorala Larrainen
Horretaz gain, abuztuaren 7an eta 14an eskainiko dute Larrainen (Zuberoa) Telesforo Monzon pastorala. Pastorala uda guztietan eskaintzen da Zuberoako herriren batean. Aurten, Larrainen izango da eta hango herritarrak hasiak dira prestatze lanetan. Oso noizbehinka eskaintzen da Hegoaldean. Hain justu ere, Hegoadeko pertsonaiaren baten gainekoa denean. Hori da, hain justu ere, aurtengo kasua, Monzonekin.
Bergarako Udalak nahiko luke pastorala Bergaran eskaini. San Martin plazan, horretarako harmailak-eta jarrita. Oraingoz, asmoa besterik ez da.
Abertzale sutsua
Telesforo Monzon abenduaren 1ean jaio zen Bergaran. Familia aberatsekoa, haren aita Bergarako alkate izan zen. Madrilen egin zituen zuzenbide ikasketak eta han lizentziatu zen. Gaztetan abertzaletasunaren tesiak berenganatu zituen eta 1930ean, Aberri eta Comunionek bat egin —Bergaran egin zen ekitaldian— eta EAJ batu zenean, EAJn sartzea erabaki zuen; 1931n afiliatu zen. 1933an, Espainiako II. Errepublika garaiko Legebiltzarreko diputatu hautatu zuten EAJren izenean. 1936an, Euskadiko Gudarostea antolatzen ibili zen. Urte hartan ezkondu zen Eskoriatzan, Maria Josefa Ganuzarekin, hau ere familia aberats bateko kide.
Lehen Eusko Jaurlaritzako Gobernazio sailburu izendatu zuen Jose Antonio Agirre lehendakariak 1936an. 1937an, erbestera alde egin behar izan zuen. 1946an, Kultura sailburu izendatu zuten. 1953an, artean erbestean zela, laga egin zuen sailburu kargua Agirre lehendakariarekin ez zelako ondo konpontzen.



EAJtik ezker abertzalerantz
1960an, Agirre lehendakariaren heriotzaren ostean, EAJrengandik urruntzen hasi zen eta Ipar Euskal Herriko errefuxiatuekin harremanak estutzen. 1977an, Hego Euskal Herrira itzuli zen eta EAJren Lapurdiko Uri batzarrak alderditik kanporatu egin zuen. Urte hartan, abuztuaren 5ean, harrera bero eta jendetsua eskaini zitzaion Bergaran, jaioterrian, askatasunaren aldeko ibilaldiarekin bat eginez. 1978an, Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen. 1979an Espainiako Gorteetako diputatu aukeratu zuten HBren izenean; 1980an Gasteizko legebiltzarkide (HB).
1981ean, Donibane Lohitzunen hil zen, martxoaren 9an, 75 urte zituela. Bergarako San Pedro elizan egin ziren haren aldeko hileta elizkizunak martxoaren 12an. Bergara jendez bete zen. Jaioterrian lurreratu zuten familiako panteoian.
