Aratusteetako kontzertuak Udal Pilotalekua lepo bete zuen

Arritxu Barruso 2011ko martxoaren 5a

Bergarako Udal Pilotalekuak urteetan atzera egin zuen atzo (egubakoitza) gauean. Aratusteetako kontzertua egin zuten eta duela ehun urteko Aratusteak irudikatu zituzten. Hori horrela Masterreka kalean, gaur egun Pertxa elkartea dagoen tokian, duela urte asko egon zen sagardotegiak ateak ireki zituen berriro ere.  Kontzertua hasi baino hogei minutu lehenago Udal Pilotalekua lepo beteta zegoen atzo.

Aratusteetako kontzertua Udal Musika Bandaren hiru piezarekin hasi zen eta ondoren Orkestra Sinfonikoak beste bi jo zituen. Musikaren ostean etorri zen antzerkia eta urtero moduan herritar asko eta aurpegi ezagun asko ikusi ziren aktore lanetan.

Magali Muruamendiarazi indarra eta elkartasuna

Ez da ahaztu behar Bergarako Aratusteetako kontzertuak helburu solidarioa izaten duela. Aurten kontzertuan batutako dirua Magali Muruamendiaraz neskatilarendako izan da. Burmuinean kalteak ditu eta Galiziako osasun zentro batean dago tratamendu berezia jasotzen. Bada atzo txalo zaparrada itzela jaso zuen Magali Muruamendiarazek. Antzerkian gidari lanetan ibili zen Manu Diazek besarkada handi bat eta indarra bidali nahi izan zizkion Magaliri Bergarako frontoitik.

Xabier Lete ere gogoan

Xabier Lete abeslaria ere gogoan izan zuten atzoko kontzertuan eta amaieran Xalbadoren heriotza jo zuten Udal Musika Bandak eta Orkesta Sinfonikoak. Pilotaleku osoak elkarrekin abestu zuen Leteren abesti ezaguna eta ikusleek hala eskatuta errepikatu egin behar izan zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak