Hasi dute greba larrialdietakoek

Ubane Madera 2011ko martxoaren 5a

Gaurtik Bergarako larrialdietako zerbitzuetara doazenek ingurua protesta kartelez beteta aurkituko dute. Eta informazioa ere eskuratuko dute bertako langileengandik. Izan ere, osasun langileek astebeteko grebari ekin diote, egubakoitzera arte.

Osakidetza gaixo dago; nola zainduko du bada gure osasuna?. Larrialdiak ez itxi. Urtebete borrokan. Alarma Osakidetzari ez zaizkio ez erabiltzaileak eta ezta langileak inporta ere.

Era horretako protesta kartelek betetzen dute Bergarako anbulatorioa. Larrialdi zerbitzuetako langileen protestaren adierazle dira, eta datozen hiru asteotan, asteka txandakatuz, protesta-greba horrekin jardungo dute, larrialdi zerbitzuen egoera salatzeko.

"Ezer negoziatu gabe"

"Osakidetzako Zuzendaritzak aurrera jarraitzen du bere murrizketa eta osasun kalitatea gutxitzen dituen politikarekin: larunbatetan anbulatorioak itxi eta pediatra kentzen du, larrialdietako zentroak ixten ditu, ordutegiak gutxitzen ditu… Beti isilpean, ezer negoziatu gabe eta inposizio latza erabiliz", salatu dute.

Lan-baldintzak okerrera

"PACetan gabiltzan langileon lan-baldintzak okerrera egin dute nabarmen Osakidetzak hartutako neurri hauekin (lanpostu gutxiago, ordutegi jasanezinak, soldaten murrizketak…) Osakidetzako goi-karguen soldatak, alderantziz, %12ra igo dira!", gaineratu dute.

Kexu-orriak

Bada horren guztiaren berri emango diete datozen egunotan larrialdi zerbitzuetako erabiltzaileei eta haien laguntza ere eskatu dute: "Jakinarazi Osakidetzari kexu zaudela. Bete horretarako prestatu ditugun kexu-orriak". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak