Adingabekoak dituzten familientzako laguntzak berriro arautu dituzte

Imanol Gallego 2011ko martxoaren 4a

Udalak adingabekoak beren ardurapean dituzten familientzako laguntza ekonomikoak arautzen dituen araudia berritu du. Horretarako, erregelamendu berri bat onartu zuen aho batez aurreko osoko bilkurak. Onura hauek diru-laguntza edo zerbitzu gisa eskainiko dira eta adingabekoen gizartearekiko marjinazioari aurrea hartu eta haiek birgizarteratzea dute helburu.

Laguntzak eskatu ahal izateko ezinbestekoa izango da familia egoera sozioekonomiko larrian egotea eta bere baitan 18 urtetik beheragoko kide bat izatea. Horrez gainera, eskatzaileak Bergaran bizi eta gutxienez 6 hilabetez erroldatuta egon beharko dute. Gainera, gizarte zerbitzuek adingabekoen babesgabetasun egoerak ekiditeko garatzen duten esku-hartzearen barruan egon beharko du familia eskatzaileak.

Udalak laguntza hauek jaso ahal izateko zehaztapen batzuk ere jarri ditu. Familiaren baliabide ekonomikoak neurtzeko, Gizarte Larrialdietarako laguntzak (GLLak) emateko zehaztuta dauden irizpideak erabiliko dira. Izan ere GLLa jasotzeko eskubidea duten familiak, aurrez frogatu dute egoera ekonomiko larrian daudela.

Laguntza motak 
Onura ekonomikoak ekarriko dituen arren, laguntzak ez dute zertan dirutan izan behar, kasu bakoitzak bere azterketa propioa izango du eta familia bakoitzaren egoerari moldatuko zaio udalaren erantzuna. Behar izan ezkero, haurtzaindegi edo ikastetxeetara joateko laguntza jaso dezakete,  baita eskola jangelarako edo udalekuetarako laguntzak ere bai.

Aparteko arreta behar duten kasuetarako udal zerbitzuek laguntza bereziak aurreikusten dituzte erregelamenduan, beti ere, premia bereziak dituen familia bat dela frogatzen bada. Hortaz, orain 30 egunez jende aurrean eskegi ostean inork ez badu alegaziorik jartzen, araudi berriak zaharra ordezkatuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak