Irailean hartu zuen bere gain Bergarako Udalak kaleak garbitzeko zerbitzua eta EAJ hasieratik azaldu zen erabaki horren aurka. Jeltzaleen iritziz, ordura arte zerbitzu hori eskaintzen zuen CESPA enpresak lan txukuna egiten zuen eta horren adierazle hartzen zituzten 2010ean eginiko inkesta bateko datuak; herritarrek 6,5eko balorazioa ematen zioten arlo horri. Horretaz gain, Udal Gobernuak arrazoitzen zuen dirua aurreztuko zuela erabaki horrekin, baina jeltzaleek hori ez zuten sinisgarri ikusten.
Orain, Udalak zerbitzua bere gain hartu zuenetik sei hilabete pasa direnean, EAJko kideek egiten duten balorazioa da: zerbitzua ez dela hobetu eta ez dela dirurik aurreztu.
"Ez dute dirurik aurkeztu"
Udalak dirurik aurreztu ez duela esateko, datu batzuk eman dituzte jeltzaleek. Esan dute zerbitzua CESPAk emanda 2010eko kale garbiketaren gastua 635.000 eurokoa izango zela eta Udalak bere gain hartuta 2011ko aurrekontuan kale garbiketarako 736.000 euro bideratu direla. Beraz, gastua dezente igo dela, nahiz eta jeltzaleek onartu duten jakitun direla kale garbitzaileen soldatetan igoera eman dela eta langile kopurua ere gehitu egin dela.
Kale garbitzaileak auzitan Udalarekin
Kale garbitzaileek egun bizi duten egoera txarra ere azpimarratu nahi izan dute. Gogoratu behar da kale garbitzaileek Udala eta Cespa enpresa salatu zituztela kaleratze desegokiagatik eta epaia euren aldekoa izan zela. Aurrekari horiek ikusita, beste langile batzuek bide bera jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute jeltzaleek eta horrek Udalari kostu handia ekarriko diola kalte ordainetan.
Jeltzaleek gaineratu dute, eurek hauteskundeak irabaziz gero, berriro pribatizatuko dutela kale garbiketaren zerbitzua.