Gaur izango da Aratuste kontzertua, Udal Pilotalekuan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko martxoaren 4a

Orain dela 100 urteko aratusteetara bidaiatuko dute gaur Udal Pilotalekura joango direnek. Erakutsi nahi dutena da Aratusteak ez direla gaur egun asmatutako jaiak, orain dela 100 urte ere Bergaran ospatzen zirela Aratusteak. Horretarako, Mahasterreka kalea irudikatuko dute, eta orain dela 100 urteko itxura emango diote pilotalekuari. Beti bezala, kontzertua izango da 22:30ean pilotalekuan.

Chirlaque, aitonaren paperean

Alfredo Gonzalez Chirlaque Udal Musika Bandako zuzendariak azaldu du musikariak garaiko erara jantziko direla, eta protagonistak "baserritarrak eta kaletarrak" izango direla. Gonzalez Chirlaquek, adibidez, bere aitonaren papera beteko du gaurko kontzertuan. Jakin dute orain dela 100 urte Mahasterrekan, orain Pertxa elkartea dagoen tokian, sagardotegi bat zegoela. Hala, gaurko jaialdirako egin duten dekorazioa izango da sagardotegietan oinarritua. Bergarako Pilpira taldekoek egin dute dekorazioa.

Sorpresaz betetako gaua

Kontzertuak bi zati izango ditu. Lehenengo zatian Udal Musika Bandak hiru pieza joko ditu: Euskal festara, Procession of the Sorcerers eta Pinocchio. Ondoren, Bergarako Orkestra Sinfonikoak La italiana en Argel eta La vida es bella lanak eskainiko ditu. Bigarren zatia sorpresa izango dela azaldu du Gonzalez Chirlaque zuzendariak.

Kontzertuan jasotako dirua Magali Muruamendiaraz 5 urteko neskatilari laguntzeko izango da. Magali Galizian dago tratamendua jasotzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak