Bergarako larrialdietako langileak greban, zapatutik egubakoitzera

Ubane Madera 2011ko martxoaren 4a

Osakidetzako zuzendaritzarekin dituzten desadostasunak salatzeko egingo dute greba Bergarako anbulatorioan diharduten 12 langileek, zapatuan hasi eta datorren egubakoitzera arte. Edozelan ere, grebak ez du eraginik izango anbulatorioaren zerbitzuan, larrialdietako zerbitzu horiek izaten direlako justu zerbitzu minimoak greba egoeretan.

"Gaixoei berdin-berdin egingo diegu arreta. Gu garenez zerbitzu minimoak, berdin-berdin egin behar dugu lan, ezin dugu anbulatorioa itxi. Egingo duguna da anbulatorioan bertan informazioa ipini eta gaixoei informazioa eman", jakinarazi du Josune Oregik, larrialdietako medikuetako batek.

Pediatria ere bai

Eta protestaren bitartez adieraziko dutena da ez daudela ados Osakidetzaren zuzendaritzarekin: "Joan den ekainean anbulatorio batzuk itxi egin zituzten asteburuetan, Oñati, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzakoak, besteak beste. Ondorioz, herri horietako gaixoak ospitalera joaten dira, eta beste batzuk hona datoz. Horrez gainera, lehen eguneko medikuek ematen zuten asteburu goizeko zerbitzua, eta orain guk, larrialdietakook eman behar izaten dugu zerbitzu hori; eta gainera, asteburuko pediatria zerbitzua ere eman behar izaten dugu, eta gu ez gara pediatrak".

Gipuzkoan, 185 langile greban

Bergarako anbulatorioko larrialdi zerbitzuan lanean diharduten 12 langileek egingo dute bat protesta horrekin, Gipuzkoako larrialdietako zerbitzuetako gainerako 185 langileekin batera. Gainera, euren asmoa da aste batean greba egitea, hurrengoan lan, hurrengoan greba… eta horrela bost astean jardutea. 

Joan den astean hasi ziren dagoeneko protestan, itxialdia egin zuten-eta Gipuzkoako larrialdietakoek Elgoibarko anbulatorioan.

Bergaran, 12 lagun greban

Bergarako kasuan launa medikuk, erizainek eta zaindarik egiten dute lan anbulatorioko larrialdietan. Hiru pertsonako lau txanda egiten dituzte: astelehenetik egubakoitzera 17:00etatik 08:00etara eta zapatu eta domeketan 24 ordu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak