Claude eta Jon Iruretagoienaren zuzendaritzapean, euskal dantza tradizionalean barrena "bidaia hunkigarria" planteatzen du Maritzuli taldeak ikuskizun honetan. Lapurdiko inauteriei edo Zuberoako maskaradei begi berriekin begiratzen die Maritzulik Aurrez aurre lanean. Maskaraden kasuan, Jon Iruretagoienak egindako ikerketa eta birsortze lanak taulan ikusteko aukera eskaintzen du ikuskizunak. Bestalde, Italiako berpizkundeko dantza eskolen tradizioa eta euskal dantza tradizionalaren arteko lotuneak bilatzen ditu Paperezko iantzak izendatu duten atalean.
Lau atal izango ditu
Aurkezpenaz gain, beste lau atal izango ditu ikuskizunak: Ihaute, Branletik jautziak, Paperezko iantzak eta Ando drom.
Ikuskizunerako jantzi eta apainketa lan ikaragarria egin du Claude Iruretagoienak, eta Aiko musika taldeak ikuskizunerako sortutako musikaren graziak atontzen du dantzarien lana. Claude Iruretagoiena Juan Antonio Urbeltzekin trebatu da tradizioa eszenaratzeko orduan.
19:00etan izango da
Dantza emanaldia Udal pilotalekuan izango da, domekan, 19:00etan. Sarrera 7 euro kostako da.
Claude Iruretagoiena zuzendari artistikoa izango da eta koreografoak Claude Iruretagoiena, Christine Grimaldi, Jon Iruretagoiena eta Celine Duperou dira.