AHT: 900 metroko zubi metalikoa Deba ibaiaren gainetik

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko martxoaren 3a

Eusko Jaurlaritzak esleitu ditu Bergarako Euskal Y-aren zatia egiteko lanak. Sacyr, Febide, Campezo eta Cycasa enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresen Batasunari esleitu dizkio lanok, 95,1 milioi euroren truke. Bergara-Bergara zatiari dagokie lanak. 3.159 metro luzeko tartea da. Ia 3 urte (34 hilabete) dituzte lanok egiteko. Deba ibaiaren gainetik 900 metro luzeko zubi metalikoa egingo dute bailara zeharkatzeko.

Kukubaso-Ipiñarri ingurutik (Bergara-Antzuola zatiko lanak egiten diharduten puntua) Loidi baserriraino doan zatia da eraikiko dutena. Debarroa gurutzatu eta Angiozarko bailaran barrena doana. Trazatua oso bihurria denez, zubibide eta tunel artifizial ugari egingo dituzte.

Deba errekaren gainetik

Esate baterako, Eibartik Gasteizera doan autobidea (AP-1), Deba erreka eta Bergaratik Arrasaterako GI-632 errepidea zeharkatuko dituen 900 metroko zubibide bat egingo dute, 90 metro altuera izango duena, Olabarrena inguruan, autobideko beste zubibidetik gertu. Metalikoa izango da zubibide hori. Euskal Y-aren Gipuzkoako zatiaren zubibide "garrantzitsu", berezi eta egiteko konplikatuena izango da sustatzaileek esan dutenez.

Zubibide horretaz gain, zati honi dagokien lan nabarmenenak honako hauek dira:

- Loidiko 123 metro luzeko tunel artifiziala.

- Oltzailekoko errekatxoaren ibarrean barrena doan 100 metro luzeko zubibidea.

- Aldai azpikuako 90 metro luzeko tunel artifiziala.

- Altzeta errekatxoa zeharkatzen duen 140 metro luzeko zubibidea.

- Monumentu izendapena duen Eduegi baserri inguruan, 100 metroko luerauzia eragingo dute eta obraren eragina gutxitzeko 51 metro luzeko marko bat jarriko dute.

- Beste bi errekatxo zeharkatzeko Lamiategiko zubibidea, 425 metro luzekoa.

- Azkarruntzeko tunel artifiziala, 576 metro luzekoa.

Euskal Y-aren zati hau eraikiko duen enpresetako bat, Sacyr, une honetan Aramaio-Arrasate tartea ere egiten dabil.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak