Aratuste asteburua dator eta askotariko ekitaldiak egongo dira datozen egunotan.
Aratusteetako ekitaldi nagusienetako batek irekiko du egitaraua: egubakoitzean Udal Musika Bandak eta Orkestra Sinfonikoak Aratuste-kontzertua egingo dute, 22:30ean, Udal Pilotalekuan.
Aukeratu duten gaia duela 100 urteko Inauteriak dira eta horren bueltan antolatu dute saioa eta, batik bat, emanaldiaren bigarren zatia. Sarrerak 7 euro balio du eta aurrez erosi ez dutenek leihatilan izango dute aukera 21:30etik aurrera. Kontzertuan batuko den dirua Magali Muruamendiaratz neskatoa Galizian jasotzen ari den tratamendua ordaintzen laguntzeko izango da aurten.
Mozorroen kalejira
Zapatuan, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek Ongi etorri... Pupu eta Lore ikuskizuna egingo dute, 16:00etan eta 18:30ean, Udal Pilotalekuan. Bietarako ala bietarako sarrerak daude oraindik (200 bat emanaldi bakoitzerako) eta leihatilan erosi ahal izango dira bihar, 15:00etatik aurrera. Prezioa 5 euro da.
Horrekin batera, zapatuan bonba japoniarrak egongo dira, 18:15ean, San Martin plazan; 18:30ean, erraldoi, kiliki eta burhandien kalejira; eta 19:30ean, berriz, mozorroen kalejira erdiguneko kaleetan barrena. Udaletik mozorrotu eta desfilean parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak. Kontuan hartzekoa da, bestalde, Bedelkarrek 200 euroko saria emango diola kalejiran parte hartzen duen mozorro onenari (bakarka zein taldeka). 21:30ean mozorro afaria egongo da azokan, iaz bezala, eta 23:00etan, erromeria Drindots taldearekin. Etzi, Aurrez aurre dantza emanaldia ikusteko aukera egongo da, 19:00etan, Udal Pilotalekuan, Maritzuli konpainiaren eta Eraiki dantza taldearen eskutik.
Martitzenean gehiago
Aratuste-martitzenean ekitaldi gehiago izango dira. 16:15etik 19:15era karaokea eta DJ festa egongo dira San Martin plazan. 16:30ean Musika Eskolako gazteen bandak kalejira egingo du erdigunean barrena eta 19:30ean antzerkia egongo da. Hain justu ere, En la Lona antzerki taldeak Exodo antzezlana egingo du San Martin plazan.
Horrez gain, aipatzekoa da Aroztegi aretoan Aratusteen gaineko erakusketa ikusgai dagoela martxoaren 13ra bitartean.