Martin Garitanok eta Maite Aristegik ume, gazte, heldu zein adinekoei irekia dela azaldu dute. Horrekin batera, jakinarazi dute hainbat ataletan egongo dela banatuta. Batetik, Monzon bera zelakoa zen gogoraraziko duen zatia egongo da. Bere hitzez gain, ezagutu zutenen adierazpenak ere entzun ahal izango dira horretan.
Bestetik, aisialdiarekin lotutako atala izango da. Osintxuko dantza taldea eta bertso eskolakoen emanaldiaz gain, lagunen testigantzak jasoko dituen hainbat grabazio ere entzun ahal izango dira. Horrekin batera, bere kantuak batera abestuko dituzte pilotalekuan batzen direnek. Azkenik, hitzaldi politikoa ere izango da; Agurne Barrusok eta Tasio Erkiziak hartuko dute parte horretan.
Garitanok azpimarratu du Monzonen mezuak, "inoiz baino zentzu handiagoa" duela. Haren esanetan, "eskura daukagu gure herria, gure aberria, Estatu libre bat izateko prozesu demokratikoa. Inoiz baino baldintza hobeak ditugu abian den prozesu hori askatasuna, autodeterminazio eta bakerantz bideratzeko".