Urriaren 22ko operazioan atxilotutako gazteek torturak salatu zituzten. Horren beldur zara?
Nik etxetik ihes egitearen arrazoi nagusia torturak ekiditea izan da. Nire operazio berdinean atxilotutako gazteen tortura testigantzak irakurtzea besterik ez dago izua gorputz osoan sartzeko. Torturarekin auto-inkulpazioak eta kideen aurkako deklarazioak bilatzen dituzte, zerrenda beltz amaiezinak osatuz. Torturapean egindako deklarazio hauek, gainera, aski izaten dira epaiketa batean gu kondenatzeko.
Egoera honek guztiak kikildu beharrean gogorrago egin zaituztela diozue. Azaldu hori.
Gure bila gure lan politikoagatik etorri dira, ideia zehatz batzuek defendatzeagatik. Eta ideia horiek ez dira egun batetik bestera, ezta mehatxu eta errepresioarekin aldatzen. Guk, gure borrokan sinisten dugu, gure hautuan berresten gara, eta aurrerantzean ere, norabide horretan jarraitzeko determinazioa dugu. Pertsonak espetxeratu ahal dituzte, baina, ideiak bere horretan jarraituko dute. Jasotako babes guztia aintzat hartu gainera, gure lana guztiz zilegi dela argi gelditu da, eta honek, indar gehiago ematen digu aurrera jarraitzeko. Duela lau hilabete baino kontzientziatuago gaude orain.
Egoerak ez norberarengan bakarrik, familia eta lagunengan ere eragin handia du.
Oso gogorra da errepresioa modu pertsonal batean sufritzea, gure kasuan, gainera, lau hilabete berririk gabe egon gara, eta ezjakintasunak, sufrimendua areagotzen du. Euskal Herrian eta baita Bergaran ere, errealitate hau oso ondo ezagutzen dugu, gure senide eta lagunak torturatu eta espetxeratuak izan dira urte luzeetan zehar. Besarkada eta animo pilo bat beraientzat! Beraien duintasuna guretzat erdu izan baita.
Nola ikusten duzue etorkizuna?
Itxaropen eta ilusioz begiratzen diot etorkizunari. Euskal Herrian zabaltzen ari den testuinguru berriak askatasunera eraman gaitzan lan egin behar dugu. Guk gure ekarpena egiten jarraituko dugu, independentzia eta sozialismoaren eraikuntzan, indarrez ekingo diogu.