Azken urteetan egin duten bezala, Jardun eta Txatxilipurdi euskara elkarteek umeentzako udalekuak antolatu dituzte. Euskararen erabilera gaztetxoengan sustatzea izango da 2011ko kanpalekuen helburua.
Udako Abenturak ekimena antolatzeko, Debabarreneko Pil-Pilean elkartearen laguntza ere izan dute Jardunek eta Txatxilipurdik.
Eskaintza zabala
Ekimen horren baitan, adinaren araberako hiru udaleku antolatu dituzte.
10 eta 12 urte bitarteko gaztetxoek Bermeoko Alkime aterpetxera joateko aukera izango dute, besteak beste, Urdaibai erreserba naturalak eskaintzen dituen aukerei probetxu hartzeko. Ur jokoez gozatzeaz gain, Matxitxako, Gaztelugatxe eta inguruko parajeak bisitatu ahal izango dituzte gazteek. 20 lagunentzako 10 eguneko bi txanda antolatu dituzte horretarako.
12 eta 14 urte bitartekoek, berriz, Arrasateko Txatxilipurdi elkarteak antolatzen duen Orioko kanpaldira joateko aukera izango dute. 10 eguneko bi txanda antolatu dituzte uztailean zehar.
Aurtengo nobedadea, Garaion udalekuen eskutik etorriko da. Izan ere, 14 eta 16 urte bitartekoek Arabako Garaio urtegiaren inguruan astebeteko kanpaldian parte hartzeko aukera izango dute, abentura eta sorkuntza bateratuz.
Informazio gehiago edo izena emateko jo Jardun elkartera (943 76 36 61 eta gaztejardun@topagunea.com).