Nahiko aurreratuta duzue gaztelekua.
Proiektua datorren astean aurkeztuko du Iñaki Arregik. Kontuan izan behar da asmoa dela Udal Euskaltegikoak Irizar jauregi berritura Aratusteetan joatea. Horren ondotik, obra batzuk egingo ditugu eraikinean eta maiatzerako gaztelekua gaur egun Udal Euskaltegia dagoen lekuan egotea aurreikusten dugu.
Gaur egun Udal Euskaltegiak erabiltzen duen eraikin osoa hartuko du?
Udal euskaltegiak ditu hiru pabilioi: lehena hutsik geratuko da eta beste biak izango dira gaztelekurako.
Egia esan, ez da obra handirik egin beharrik izango, eraikina egoera onean dagoelako. Bai egingo dena da, espazioa beste era batera banandu. Esaterako, hirugarren pabilioian, hormak botako dira eta espazio zabal handi bat egingo da. Bestalde, komun berriak egingo dira, irisgarritasuna bermatzeko beste lan batzuk... Baina oro har, obra handirik ez.
Ze ekipamendu izango du?
Hirugarren pabiloia izango da gune nagusia. Areto handi bat hainbat sofarekin, ping-ponga, billarra... izango ditu eta horrekin batera sukalde bat ere izango du. Bigarren pabiloiari dagokionez, gaur egun duen gelakako antolaketa mantendu egingo dugu, han tailerrak-eta egingo direlako.
Ze adinetako gazteendako izango da gaztelekua?
13 eta 17ra urte arteko gazteendako. Hala eta guztiz ere, badakigu adin tarte horretan ezberdintasunak handiak direla, eta, horregatik, egingo ditugu adin tarte ezberdinendako programaketak.
Egutegia, ordutegia... zehaztuta daude?
Eguenetik domekara egongo da zabalik. Eguen eta domeketan zabalduko dugu 17:00etatik 20:30era eta egubakoitz eta zapatuetan, 17:00etatik 21:30era.
Zer-nolako programaketak egingo dira?
Programaketak egongo dira, baina argi laga nahi dut gauza bat: gazteekin egindako elkarrizketetan oso garbi laga dute nahi dutela egoteko leku bat. Eta askotan helduok ez dugu hori nahi izaten, pentsatzen dugulako apalankatu egingo direla... Baina errealitatea da nahi dutela euren moduko jendearekin lasai egon. Hortaz, aukera hori ere izango dute. Nahi badute programaketako ekintzetan parte hartu, hartuko dute eta ez badute nahi, ez. Hala, gure lana da gauza erakargarriak eskaintzea. Eta sofan eserita dagoenak ikusten badu bere ingurukoak ekintzetan parte hartzen, ba, baliteke animatzea. Baina egoteko leku bat ere izango da, jakina.
Nondik sortu da gaztelekuaren ideia?
Nahasketa bat izan da. Administrazioak aldatu egin du ume, nerabe eta gazteekiko jarrera azken urteetan. Orain arte administrazioak jardun izan du arazo bat egon denean. Baina, esan bezala, azken urteetan administrazioak oro har eta udalek bereziki beste erantzukizun bat hartu dute ume zein nerabeekiko. Administrazioak berak ere badaki zeregin batzuk dituela hor eta aisialdi eskaintza bat egiteko ardura hartu du.
Nerabeen gurasoek nola hartu dute gaztelekua?
Ondo hartu dute eta Bergara moduko herri batek halako baten beharra zuela uste dute.
Gurasoek nahi dutena da, besteak beste, horren modan dauden lokalei alternatiba topatu.
Gurasoek ikusten dute nerabezaroa arriskuz beteta dagoen garai bat bezala. Baina deskubritzekoa ere bada. Eta badakite gaztelekuan egongo direla heldu batzuekin, eta horrek lasaitasuna ematen die. Eta guk, gure aldetik, apustu egiten dugu deskubritzeko erronka horrekin, baina guraso zein irakasle ez izateak ematen digun hurbiltzeko aukerarekin. Gazteengandik hurbil dauden helduak izango gara, dagokigun lan hezitzailearekin.
Zenbat begirale egongo dira?
Pertsona bi egongo dira une oro gazteekin.
Maiatzean zabaltzekoak zarete. Izena eman beharko da, kuotarik ordaindu...?
Hasiera batean, behintzat, oso zabala izango da eta ez da izena eman beharrik egongo, ez kuotarik ordainduko... Maiatzean zabaldu eta uztail bitartean ikusiko dugu nola doazen gauzak eta irailean, ikasturte berriarekin batera, ikusiko dugu izenematerik zabalduko dugun.