XVII. mendean Urrutia-Espilla familiak eraikitako jauregiak zeukan egurrezko zoru, eskailera eta teilatupea dagoenetan utzi dute konpondu ostean; hain zuzen horixe izan da herritarrek gustuko izan dutena. Hala, bere nortasunari eutsi dio Irizarrek, baina gaur egun beharrezkoak dituen irisgarritasun neurriak sartuta: ezinduendako sarrera egokitua albotik eta igogailua beheko solairutik ganbararaino. Eraikina hutsik dago baina herritarrek bost solairuetan dauden txoko guztiak ikusi gura izan dituzte eta igogailua behar bezala dabilela frogatu.
Sotoa, lau solairu eta teilatupea ditu eraikinak. Sotoa eta behe solairua Udal euskaltegiak eta HHIk partekatuko dute; lehenengoa HHIrendako izango da eta bigarrena, euskaltegirako. Hirugarren solairuan KZgunea egongo da eta teilatupean 60 bat lagunendako aretoa. Aste Santu inguruan zabalduko dute.