Iñaki Irigoienek hauteskunde bezperetan esandakoak:
"Kongresua aukeratzeko hauteskunde eguna izango da zapatua, otsailak 26, Irlandan eta azken 60 urteetan ia beti boterean egon den Fianna Fail alderdia ia desagertu egingo dela diote azken inkestek. Ustelkeria handia egon da eta azkenaldian, gainera, gauza arraro asko gertatu dira. Orain arte jendeak paso egiten zuen, baina ekonomiak porrot egin duenean jendea asko haserretu da. Murrizketa handiak egin dituzte.
Eskuineko bidetik
Brian Cowen lehen ministroaren gestio txarrak ekonomiaren porrota ekarri du eta hauteskundeak aurreratu egin behar izan ditu. Alderdiko buruzagi gisa dimisioa ere eskatu behar izan zuen Cowenek urtarrilean.
Bada, iritzi azterketa guztien arabera, Fianna Failen lekukoa hartuko du hauteskundeen ostean Fine Gael eskuineko alderdiak eta Enda Kenny izango da Irlandako hurrengo Taoiseach-a (lehen ministroa).
Aurreko gobernuaren aurrekontua haratago eramango duela iragarri du Keenyk; gastu soziala eta sektore publikoa are gehiago murriztuko dituztela. Beltz ikusten dut Irlandaren etorkizuna: Gobernu txar batetik okerrago batera goaz. Fine Gael alderdiak irabaziko duela ia segurua da. Haren liderra, Enda Kenny, irratian entzun berri dut hizketan eta argi utzi du murrizketekin jarraituko dutela; zerbitzu publiko asko pribatizatu nahi dituzte eta horrek badakigu zer ekartzen duen: langileen baldintzak kaskartzea eta gainera, zerbitzuen kalitatea ez dago garantizatuta hobea izango denik.
Irlandarrak bakarrik bozetan
Gertatuko denarekin gustura ez nagoen arren, ezingo dut Irlandaren etorkizunean eragin nire botoarekin. Tokiko hauteskundeetan eta Europakoetan bakarrik bozka dezaket. Kongresurako direnean, irlandarrek bakarrik eman dezakete botoa".