Magali Muruamendiaratz umetxoari –otsailaren 7an 5 urte bete zituen– laguntzeko jaialdia egongo da martxoaren 26an, 19:30ean, Udal Pilotalekuan. Magalik burmuinean jaiotzatiko kalteak ditu. %90eko elbarritasuna du, eta abuztu bukaera ezkero Galizian dago, Foltra osasun etxean tratamendua jasotzen. Bada, tratamendua oso garestia da, eta horri aurre egin ahal izateko antolatu dute jaialdia.
Herriko taldeak
Jaialdian parte hartuko dute herriko hainbat taldek, gehienak herrikoak. Parte hartuko dute musika taldeek, antzerki taldeek, bertsolariek, dantza taldeek, magoek... Bi bat ordu iraungo du eta familia osoarendako modukoa izango da.
Sarrerak datorren asteburuan jarriko dituzte salgai, Udal Pilotalekuan jarriko duten mahaitxo baten, eta horretarako aprobetxatuko dute egubakoitzean egongo den Aratuste-kontzertua eta zapatuan Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek egingo dituzten bi emanaldiak.
Horren ondoren, astelehenetik aurrera (hilak 7), honako leku hauetan ere egongo dira salgai sarrerok: Bule tabernan, Iratxo mertzerian, kultura etxean eta Lazkano oinetako dendan.
Hiru motatako sarrerak egongo dira: nagusienak 10 euro balioko du; 12 urtera artekoenak 5 euro; eta zero ilara deritzon sarrerak ere egongo dira –ikuskizunera joango ez den jendeak laguntze aldera erosiko dituenak.
Familia oso eskertuta dago
Ekimenaren bultzatzailea Marian Aldama umetxoaren senitartekoa izan bada ere, bidean laguntza handia jaso duela esan du: "Halako zerbait egin nahi nuen, baina ez nekien ze urrats egin". Hori horrela, Udalera jo zuen, gero Valen Moñuxengana, eta dagoeneko jaialdia antolatuta dago: "Gauzatxo batzuk lotzeko dauden arren, ia guztia antolatuta dago. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiot bereziki Valen Moñuxi, hark antolatu du-eta ia guztia. Horrez gain, Udalari ere eman nahi dizkiot eskerrak asko lagundu didatelako eta pilotalekua ere laga egin digutelako. Bestalde, erabat eskertuta gaude jaialdian parte hartuko duten taldeekin, musu-truk hartuko dute-eta parte.
Horrekin guztiarekin batera, gainerako herritarrei –baita arrasatearrei ere– eskerrak eman nahi dizkie Marian Aldamak, ateratako 10.000 txartelak saldu egin dituzte-eta.