Berriketan eta Gurasolagun ekimenetan parte hartzeko dei egin dute

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko otsailaren 22a

Berriketan eta Gurasolagun ekimenetan parte hartu nahi dutenek aukera daukate oraindik. Jardun euskara elkartean eman daiteke izena, Errotalde jauregian duten egoitzan.

Duela bost urte abiatu zuten Berriketan egitasmoa Bergarako Udaleko Euskara batzordeak, Udal Euskaltegiak, Akulu-AEK euskaltegiak eta Jardun euskara elkarteak eta harrezkero arrakasta handia izan du bergararron artean.

Zer da, baina, Berriketan? Labur esanda, euskaldun berriak —euskara maila hobetu nahi dutenak edota euren inguruan euskaraz berba egiteko aukerarik ez dutenak— euskaraz berba egiten dutenekin elkartu eta berba egitea errazten duen proiektua da.

Izena ematen dutenei libre dituzten ordu eta egunen berri galdetzen zaie eta 3-4 pertsonako taldeak antolatzen dira eta astean ordubetez euskaldun berriekin euskaraz berba egitea da helburua.

Berriketan egitasmoko taldeen artean izan dira guraso talde batzuk ere eta hauek euren umeekin batera elkartu izan dira astean ordubeteko jardun hori egiteko, baina oraingoan gurasoz osatutako taldeak errazago antolatzeko beste proposamen bat egin dute butzatzaileek: umeak ikastetxean dauden bitartean (15:00-16:00) antolatzea guraso taldeak: Gurasolagun.

Hori dela eta, "izena ematera animatzen zaituztegu" dio Maitane Arizabaleta Jardun elkarteko dinamizatzaileak, "bai euskaraz berba egiten duzuenak, laguntzaile izan zaitezten, eta baita euskara praktikatu nahi duzuenak ere". Astean ordubete atsegina pasatzeko beste modu bat dela dio Arizabaletak. Izena emateko Jardunetik pasatu (Errotalde jauregia) edo 943 76 36 61 telefonora deitu behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak