Francisco Javier Zendoia: "Kolore politikoa osoko bilkuretan uzten dugu; hortik kanpo, politikan lagun handiak egin ditut"

Imanol Gallego 2011ko otsailaren 22a

Eibartar horrek duela 40 urte herria utzi eta Bergarara joan zen etorkizun hobe baten bila. Labegaraietan sindikalista gisa ibili ostean (UGT) herri politikara pasa zen. Harekin mintzatu gara zinegotzi gisa (PSE-EE) bizi izandako 12 urte haien inguruan.

Nola sartu zinen politikan?
Ez zen inoiz nire asmoa izan, baina behin Bergarara iritsi ostean, Labegaraietan UGTn lanean hasi nintzen eta lankideek hauteskundeetara aurkeztera bultzatu ninduten. UGTn egon ostean PSE aukeratzea zerbait logikoa zen arren, ez zen erabaki erraza izan. Aita EAJko kidea zen eta gure familiak ez zuen oso era onean hartu nire erabakia.

Nolako Bergara aurkitu zenuen?
Momentu hartan, Bergarak indar handia zuen, industriak jende asko erakarri zuen hona, baina udal ikuspuntutik dena egiteke zegoen. 80ko hamarkadan gizarte zerbitzuek iraultza handia bizi izan zuten, anbulatorioa, zaharren egoitza, Labegaraietako kiroldegia… Horrelako arloetan lan handia egin genuen, trantsizioa oso gertu zegoen eta udalek ez zuten herritarrek behar zuten zerbitzu asko eskaintzen. 

Zein harreman daukazu zinegotzi izan zinen urteetan izandako alkateekin?
Oso ona. Argi eta garbi diot, nire alderdikoak ez diren arren euren lana ondo egina badago, estimatu egiten dut. Nire ustez, Imanol Bolinaga Bergarak izan duen alkaterik onena izan da. Jose Luis Elkoro lagun-mintzat daukat, biok askotan eztabaidatu dugun arren estimu handia diogu elkarri. Gallastegirekin ez dut harreman handirik, baina osoko bilkuretatik atera bezain laster kolore politikoa ahaztu egiten dugu eta oso giro ona izan dugu.

Jose Luis Elkororen egoera ez da erraza izan.
Ba ez, egia esan. Jende askok bere alde egin du, eta neronek ere, alderdiaren iritzia alde batera utzita, gestio bat edo beste egin dut. Horregatik ez dut titular handirik nahi, hura nire laguna da eta beste edozein lagunengatik egingo nuen gauza bera besterik ez dut egin. Nire ustez, lagun batengatik bakoitzaren esku dagoena egin behar da.

Zinegotzi zinela aurrera ateratako zein proiekturekin sentitzen zara harroen?
Uf... ze galdera zaila... Ni 12 urtez izan nintzen zinegotzi eta denbora hartan gauza on asko egin genituen. Baina bi proiektu aipatuko ditut: batetik, Labegaraietako kiroldegia. Bergara oso herri luzea da eta kiroldegi horrek mesede handia egin zien Laberagaieta inguruan zeuden herritar eta langileei; bestetik, Mizpirualde zaharren egoitza sortzea. Bertako mojekin akordioa egin genuen Udalak bere kudeaketan parte hartzeko; gainera, ni bertako sortzailea naiz.

Zein izan zen egin ez zenuten zure begietako proiektua?
Errege Mintegia, duda barik. Askotan ibili ginen eraikin horren atzetik. ETAk erail zuen PSOEko Juan Mari Jauregik lan asko egin zuen Errege Mintegia eskuratu ahal izateko, eta erregearekin hitz egitera iritsi zen. Negoziazio askoren ostean guztia prest zegoen eta Koroak pezeta baten truke saltzeko eskaintza egin zigun, baina EAJk ez zuen Madrilera joan nahi eta aukera paregabe hori galdu genuen.

Nola ikusten duzu orain Bergara?
Bergarak lehen izandako grina galdu du. Oso herri ausarta zen, baina azken urte hauetan herriak industria asko galdu du eta krisi honek, langabezia tasa igotzeaz gainera, Bergararen ahultasuna areagotu du. Baina, hala ere, ziur nago bideko zulo honetatik aterako garela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak