Astelehenean, hilaren 21ean, jarriko dituzte salgai Pirritx, Porrotx eta Marti Motots pailazoek Aratusteetan egingo dituzten bi emanaldietarako sarrerak. Hain justu, 18:00etatik 22:00ak arte egongo da zabalik Udal pilotalekuko leihatila sarrerok eskuratzeko, 5 eurotan.
Sarrera guztiak saldu ezean, hurrengo egunean, hilaren 22an irekiko dute berriz leihatila, ordutegi berarekin. Bi egunotan sarrera guztiak salduz gero, emanaldi egunean ez dute leihatila irekiko. Kontuan hartzekoa da, bestalde, pertsona bakoitzak ezingo dituela sei sarrera baino gehiago hartu.
Pailazo ezagunek Aratuste-zapatuan, martxoaren 5ean, etorriko dira herrira, Ongi etorri... Pupu eta Lore azken ikuskizuna aurkeztera eta bi emanaldi egingo dituzte, biak ala biak Udal pilotalekuan: bata, 16:00etan, eta bestea, 18:30ean.