Hiria eta haurrak uztartuko dituen antzezlana

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko otsailaren 17a

Zapatuan haurrei zuzendutako Tira aurrera antzerkia eskainiko du Gasteizko Panta Rhei taldeak. 5-10 urte bitarteko haurrei zuzendutako antzezlana da. Zabalotegi aretoan izango da antzezlana, 18:00etan.

Panpinak izango dira antzezlaneko protagonistak; eta, horien artean protagonismo berezia izango du Pailazo deituriko panpinak.
Pailazo-ren helburu bakarra pozik bizitzea da; eta, era berean ingurukoak pozik ikustea. Baina, egun batean bera eta bere koadrila zabor edukiontzira botako dituzte. Hala, euren burua arriskuan ikusiko dute panpinek; izan ere, zaborra jasotzen duen kamioia bidean da.

Bi aktore taula gainean

Zabalotegi aretoan izango da antzezlana, bihar, zapatua, 18:00etan. Taula gainean bi lagun arituko dira: Emilio Fernandez de Pinedo eta Idoia Aiestaran aktoreak, hain zuzen. Fernandez de Pinedo bera eta Juan Rodriguez dira antzezlaneko zuzendariak.
Antzezlanak haurrak eta hiria uztartzen ditu. Bi gai nagusi dira ikusleari erakutsi gura diotenak: batetik, hiriak etxean gero eta bakarrago dauden haurrak ahaztu dituela; eta, bestetik, hiriak haurra ahaztu duela. Hirian bizirautea zein zaila den erakutsiko digute Pailazo eta bere lagunek. Panpina koadrilak bere burua arriskuan ikusten duenean laguntza eskatuko du. Horretarako, Pailazo-k hiri guztia zeharkatuko du, eurak hartuko dituzten haurren bila. Gertatzen dena da, haur horiek panpinak hartu gura dituztela, baina ezin dutela.

Eskuzabaltasuna

Antzezlanak eman gura duen mezua da bizitzak ameslariak proban jartzen dituela; kasu honetan, Pailazo-k aurrera egingo du, eskuzabaltasuna eta solidaritatea eredu izanda.

Panta Rhei antzerki taldea

1988an sortu zuten Panta Rhei antzerki taldea; orduan, ikuskizunen ekoizle eta banatzaile enpresa bezala eratu zuten. 22 urteren ondoren hainbat ikuskizunekin indartsu dator berriro ere Panta Rhei; Tira aurrera-ren gaztelerazko bertsioa Latinoamerikan aurkeztuko dute 2012an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak