Bergarako Orkestra Sinfonikoa: 25 urtean, askotariko bizipen eta anekdotak izan dira

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko ots. 19a, 01:00

Alfredo Gonzalez Chirlaque zuzendariarekin izan gara eta era guztietako pasadizo bitxiak kontatu dizkigu. Izan ere, orkestrak 25 bete dituela ospatuko du aurten.

1986an sortu zuten orkestra Bergarako musikariek. "Proiektu bat bezala sortu zen. Lehenengo, Musika Eskola sortu genuen eta hurrengo proiektua orkestra sortzea izan zen. Lehenengo lana, baina, neska-mutikoei musika irakastea izan zen", gogoratu du Alfredo Gonzalez Chirlaque orkestrako zuzendariak. "Espezialitateak etorkizunari begira jarri genituen; hau da, etorkizunean musika instrumentu guztiek oreka izan zezaten", gaineratu du. Orkestra baten, hari-instrumentuek izaten dute pisu handien.

45 lagun hasi ziren
Orain dela 25 urte 45 lagun hasi ziren orkestran. Bergararrek eta antzuolarrek osatu zuten lehenengo talde hura. 1986ko uztailaren 5ean eskaini zuten lehenengo kontzertua, Mariaren Lagundiko aretoan: "Zerbait jotzen ikasi orduko", dio Gonzalez Chirlaquek. Eusko-eleskiak eta Feelings izan ziren kontzertu hartarako hautatu zituzten lanak.

Orkestran jotzeko arauetako bat izan zen orkestran jo gura zuenak instrumentua jotzen ikasi behar zuela Musika Eskolan. "Kanpoko laguntzarik ez genuen gura izan", gaineratu du. Taldean hasi ziren neska-mutikoek 13 urte inguru zuten garai hartan. Etorkizunari begira egindako proiektua izan zen: gaur egun dagoen orkestrara iritsi arte.

"Herri askotan daude musika bandak, baina orkestra tradiziorik ez dago; batez ere, hari-instrumentuak jotzeko tradiziorik ez delako egon", azaldu du Gonzalez Chirlaquek. "25 urte iraun duen orkestrarik ez da egongo, beste herrietan, gu bezala amateur mailakoak direnak", dio. "Badaude hirietan, eta kontserbatorioen barruan sortutakoak, baina ez amateurrak".

Benito Lertxundirekin
25 urteotan hamaika kontzertu eskaini dituzte. "Asko gustatzen zaizkit orkestrak bakarrik jotzen dituen kontzertuak", azaldu du. Izan ere, orkestrak hainbat kontzertu bandaren laguntzarekin edo abesbatzarekin ematen ditu; adibidez, Gabonetako kontzertua.

Edozelan ere, bereziki gogoan du Benito Lertxundirekin batera eman zuten kontzertua: "Euskal Herrian izen handia duen musikaria da. Halako profesionalek gurekin jotzea ohorea da; baina neu, bereziki, orkestrako kideengatik pozten naiz; izan ere, egiten duten lanaren esker ona da", dio. Benito Lertxundiz gainera, Golden Apple Quartet laukotearekin ere jo dute.

Anekdotarik duten galdetuta, Gonzalez Chirlaquek dio kontzertu bat inoiz ez dela irteten nahi den moduan: "Akats potoloak izan ditugu: adibidez, jo behar ez den notaren bat jotzea, edo sarrera eman eta inor ez sartzea... gertatzen diren gauzak dira". Gaineratu du: "Jotzen hasi aurretik berotu egiten dugu. Hala, gogoan dut behin esan niola bati la nota jotzeko. Esaten nion: 'Altuago, altuago...'. Eta, mutikoa, urduritasunagatik, aulkitik jaiki zen nota jotzeko".

Gaur egun 62 lagun dira
Gaur egun 62 lagun daude taldean, eta orkestra tradizionalean egon beharreko instrumentu guztiak daude ordezkatuta. Hasierako taldetik 12k jarraitzen dute.

25 urteotan zer-nolako bilakaera izan duten galdetuta, amateur mailakoak direla kontuan hartuta aurrerapen handiak egin dituztela dio. "Musikalen inguruan muntaketa handiak egin ditugu –Titanic, Avatar...–, eta profesionalak diren musikariekin ere aritu gara jotzen", dio. "Hortaz, maila bat lortu dugun adierazle dira aipatutakoak", gaineratu du Gonzalez Chirlaque orkestrako zuzendariak.

(Bergarako Orkestra Sinfonikoa, 1986an)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak