Muniategiandikoetxea Arco ferian

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko otsailaren 17a

Gaur ireki ditu ateak Madrileko Arco feriak eta domekara arte izango da zabalik publiko ororendako. Bi artista debagoiendarren lanak ikusgai izango dira aurten ere Arcon. Jesus Mari Lazkano eta Manu Muniategiandikoetxea bergararrenak (goiko lau irudikoak), hain justu ere. Azken honekin izan gara.

Manu Muniategiandikoetxeak bi koadro eta beste bi eskultura jarri ditu ikusgai Arcon. Koadroetako bat borobila da, 2 metro diametrokoa, berria. Paisaia abstraktua. Bestea, klasikoagoa, gorri kolorekoa. Horiez gain, beste bi eskultura ere jarri ditu, formatu txikikoak. Bata, lurrera itsatsia, 70 zentimetrokoa, altzairuzkoa; bestea, 45 zentimetrokoa, aluminiozkoa. "Rodchenkoren lanaren beste berrikuspen bat egin dut, zirkulu kontzentrikoak" dio. Artelan gehiago ere eroan ditu Madrilera, baina ikusgai, horiek laurak ditu, oraingoz. Murtziako Espacio Minimo galeriarekin joan da aurten ere feriara, " azkeneko 10 urteotan" bezalaxe.

Krisia krisi, baikor

Aurreikuspen onak ditu Muniategiandikoetxeak. Jakinmina sortu dela esan digu. Krisipean egingo da aurten ere Arco, azkeneko edizioak moduan, baina bergararra baikor da. "Hedabide gutxiago dago, lasaiago dena, baina jendea badabil; bildumazaleak eta arte munduko jendea batez ere" eta hori ona dela dio. "Ahots ezkorrak entzun dira, krisiagatik, zuzendari aldaketagatik, Arcoren izaeraren gaineko eztabaidak…, baina, halere, jendea badabil" dio.

Coca Colaren bilduma

Coca Colak bilduma jarri du ikusgai Arcoren 30. urteurrena dela-eta. Eta, justu, Muniategiandikoetxearen lan bat jaso du bilduma horretan. "1994an, lehen aldiz Arcora etorri nintzenean, Coca Colak erosi zidan jarri dute. Naumanen obraren berrikuspena da, bi ateko pintura, diptikoa. Koadroa ikusi dudanean, gustatu zait. Coca Colakoek begi ona izan zuten obra hau aukeratzerakoan".

Aurten 197 galeriak eta, guztira, 21 herrialdek hartzen dute parte, Madrileko Arte Garaikidearen ferian. Herrialde gonbidatua Errusia da.

Oteiza Museoan

Boladan lan askorekin dabil azkenaldian Muniategiandikoetxea. Donostiako bosgarren zubiko espaloirako, baldosekin egindako artelana inauguratu berri du eta, bestalde, Altzutzako (Nafarroa) Oteiza Museoan ikusgai dauka Rod 9 izeneko Rodchenko-ren lanaren inguruan egindako berrikuspena. Interpretazioak programaren barruan kokatzen da erakusketa.

Eskultura bat, 6 marrazki (akrilikoak eta koloretako lapitzak, 65x50eko kartoizko orrietan eginak) eta bideo bat (Espazioa neurtzen) dauzka ikusgai. Maiatzaren 29ra arte. Alexander Rodchenkoren obrak, hari buruz eginiko berrikuspena eta Oteizak lotura zuzena dutela dio Muniategiandikoetxeak, hirurak ere konstruktibismoarekin lotzen baitira. Bideoan jaso du Rodchenkoren eskulturaren formatu handiko moldaketa, Murtziako La Conservera Arte zentrorako eginikoa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak