Fly Shit: "Kezkatzen gaituzten gaiak edo salatu beharreko istorioak kontatu ditugu"

Maider Arregi 2011ko otsailaren 14a

Dagoeneko 15 urte daramatza Fly Shit talde beteranoak bazterrak astintzen. Arnas bakoitzeko ernetzen lanari ikuspegi baikorra eman diote. Hitz zuzenak eta pertsonalak dira abestien oinarria. Eloy (bateria), Seti (Ahotsa), Osto (baxua) eta Ander (gitarra) dira taldekideak.


Erritmo aldaketekin jolasteko trebezia erakutsi duzue, beste behin.

Beti gaude ikasten, eta, gure mugak ezagututa, gauzak ahalik eta txukunen egiten saiatzen gara. Erritmo aldaketak etxeko marka dira, eta Eloy da horren erantzule nagusia. Abesti guztiek dute lotura musikala, baina linealak ez izaten saiatu gara. Abesti bakoitzari beste norabide bat eman nahi izan diogu.

Lan honetan emo eta post ukituak asko nabarmendu dira.

Fugazi eta tankerako beste talde batzuek hardcoreari beste dimentsio bat eman zioten, eta guk gustuko ditugu talde horiek. Jawbox, Samiam, Gaizkiñe, At The Drive In, Bluetip…. eta beste talde askok guregan ere eragina izan dute. Beste musika mota batzuk jorratzen dituzten taldeek ere eragin gaituzte. Fugaziren funtzionatzeko modua ere nabarmentzekoa da, Do it yourself leloaz bat egiten dute-eta.


Bergarako gaztetxean ernatzen ari denarekin loturarik baduzue?

1987an, Canovas del Castillo orduko Espainiako lehen ministroa Arrasaten erail zuen Michele Angiolillo italiar anarkistak. Bergarako kartzelan espetxeratu eta garrote bilauaz exekutatu zuten. Haren azken aldarria  "Germinal!" izan zen. 2000tik hona,  kartzela berean dago Bergarako gaztetxea. Han zerbait ernatzen ari da, eta, guk hori bizi izan dugunez, lotura antzeko bat sumatzen dugu. Hala ere, ez dugu heroirik sortu nahi, hura bezalako pertsonaia asko daude. Haiengandik asko ikas dezakegu. Germinal, hazia ereinda gelditu da dio gure kantuak.

Oraingoan, barrura gehiago begiratu duzue kanpora baino.

Bai. Beti tartekatu izan ditugu hitz zuzenak pertsonalagoekin. Oraingoan, batez ere, ingurura begiratu dugu hitzak idazterakoan. Egia esatearren, hau gero eta okerrago doa eta kezkatzen gaituzten gaiak, salatu beharrekoak, istorioren bat edo azpimarratu beharreko jarreraren baten inguruan idatzi dugu. Panfletismoan ez erortzen eta hitzei sakontasuna ematen saiatu gara.

Ikuspegi ezkorra ala positiboa azaleratzen duzue?

Beldurra diskoan azaltzen den kontzeptuetako bat da. Baina ikuspegi baikorragoa eman nahian, Arnas bakoitzeko ernetzen izendatu dugu lana. Daukaguna aldatzekotan, beste bide edo ideia  batzuk sortu beharko dira.

Zuen kasa aurrera egin duzue.

Guk markatzen dugu gure erritmoa, konpromisoa. Norberak egiteak (DIY) horrek laguntzen du. Zorionez, ilusioa eta gauzak egiteko gogoa daukagu oraindik eta, gainera, asko disfrutatzen dugu. Euskal Herrian baldintzak ematen dira, kontzertuak emateko zirkuitu bat badago: gaztetxeak, tabernak, aretoak... egiten dugunean interesa azaltzen dutenek ere aurrera jarraitzen laguntzen digute!

Hardcoretik haratago intentsitatearekin

Badira hainbat urte Bergarako Fly Shit taldea ezagutu genuela, eta, euren adina ikusita gezurra badirudi ere, proiektuak laster 15 urte beteko ditu. Bap!, RKL, Bad Brains eta hardcorearen halako klasikoen ildotik egin zituzten lehen pauso eta lanak. Gerora, baina, intentsitatearekin eta erritmo aldaketekin gehiago jolastuta, bestelako sonoritateak lortu dituzte, azkarrak baita, baina askoz aberatsagoak. Bizitza, baina nola bizi? Lanean antzeman zitezkeen post-hardcore eta emo ukituak, baina oraingoan bete-betean egin dute salto piszina horretara eta, nire ustetan, bete-betean asmatu dute. Taldea asko hazi da eta emaitza kategoriazkoa da. Zorionak!

Iker Barandiaran

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak