Gipuzkoako Mendizale Federazioa Gipuzkoako ibilbide homologatu guztiak berrikusten ari da, Foru Aldundiak hala eskatuta. Zeregin horretan ikusi dute ibilbideetako batzuk ez direla behar bezala mantentzen eta mendi ibilaldiak egiteko behar diren segurtasun baldintzak ez direla izan beharko liratekeenak. Eta horrela jakinarazi diete ibilbide homologatuak dituzten Udalei.
Bergararen kasuan, bi ibilbide homologatu daude: bata da Trenbide Xenda (PR-Gi 93) deritzona; bestea, Tumuluen Xenda (PR-Gi 94). Tumuluen Xendaren kasuan, egoera onargarria dela dio Gipuzkoako Mendizale Federazioak egindako azterketak. Trenbide Xendak, berriz, ez ditu gutxieneko homologazio irizpideak betetzen, eta halakoen aurrean bi aukera daude: ibilbideak deskatalogatzea eta bertan behera lagatzea, edo onartzea eta mantenua egiteko konpromisoa hartzea. Horrekin, eta gai horretan inplikatutako Udaleko sailek –Ingurumena, Turismoa eta Kirolak– hausnarketa egin eta gero, erabaki dute aurrera egitea, baina ibilbidea aldatuz.
Ibilbidea aldatuta
Trenbide Xendaren (PR-Gi 93) zati handia goiko trenbidetik doa, eta goiko trenbidea asko erabiltzen den arren, mantentze lanik ez da egiten, seinaleztapenik ez dago, eta gainera, zati handi batean gune urbano eta industrialak zeharkatzen ditu, ibilbideari kalitatea kenduz.
Horregatik ibilbidea aldatu, eta honako berria proposatzen dute: Matxiategi auzoan hasiko da, orain artekoa bezala, Agorrosin parean, hain justu ere. Handik, Goiauzorako bidea hartuko du eta San Martzial ermitatik igaro eta gero, Zurrarantz egingo du, San Antonio auzora jaisteko. San Antoniotik, trenbidera igoko da eta trazatu hori jarraituta, Goiko Estazinora iritsiko da. Han, Moiua kalean barrena jaitsiko da Agorrosinera itzuliz.
Naiara Corcuera Ingurumen teknikariaren esanetan, ibilbidearen luzera 10 kilometro ingurukoa da eta zorua asfaltoz, porlanez eta todounoz estalita dagoen arren, "paisaia, natura, kultura eta ondare aldetik balio handiko lekuetatik igarotzen da". Hain justu ere, ibilbide hori da Udalak garatu nahi duen Gerriko Berdearen ardatza.
Mendi Federazioak Udalak proposatutako ibilbide berria homologatzeko, gutxieneko ekipamendua jarri behar da: balizaia, geziak... eta gainbegiratu ere egin behar da ibilbidea. Zereginon gastua 1.136 eurokoa da eta epe motzean eginda egongo dira.