Asteburuan ere zabalik txiki-txokoa

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko ots. 11a, 18:01

Gurasoek hala eskatuta hartu dute erabaki hori. Ordutegia ere handituko dute: ordu erdi lehenago irekiko dute, 16:30ean

Zabalotegiko txiki-txokoa asteburuetan ere irekitzea erabaki du Udalak, eta aurreko asteburua ezkero halaxe egiten dihardute. Orain arte astelehenetik egubakoitzera egon izan da zabalik, baina, gurasoek hala eskatuta, zerbitzua zapatu eta domeketara zabaltzea erabaki du. Era berean, ordutegian ere bada aldaketa bat: aurrerantzean ordu erdi lehenago irekiko dute Zabalotegiko eskola. Hori horrela, txiki-txokoaren ordutegi berria 16:30etik 20:00etara izango da.
Erabiltzaileek egindako beste eskari bat izan da txiki-txokora iristeko dagoen maldatxoa egokitzea, ez baitago prestatuta umeen aulkitxoendako, besteak beste. Horren harira, udal arduradunek aurreratu dute aintzat hartu dutela eskaria eta egokitzapen hori bideratuko dutela, nahiz eta konponketa lanak egiteko datarik ez duten eman.  
Irailean zabaldu zuen Udalak txiki-txokoa Zabalotegiko eskola zaharrean. 0 eta 5 urte arteko umeendako aisialdigunea da eta bi ikasgela ditu: bata oinez dabiltzan umeendako da eta bestea, oraindik katamarka dabiltzanendako. Bestalde, komunak ere baditu, nagusi zein umeendako.
Eguraldi txarra egiten duenean gurasoek umeekin non egon izan dezaten atondu dute eskola zaharra, eta, ekipamendu aldetik gutxienekoa badu ere –psikomotrizitatea lantzeko erabiltzen den materiala: koltxoneta batzuk, kuboak...–, erabiltzaileak pozik daude eta ondo baloratu dute zerbitzua, batik bat negu partean umeekin jolas egiteko gune bat dutelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak