Gipuzkoako Elikagaien Bankuak biltegia zabalduko du herrian

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko otsailaren 11

Apiril hasieran zabalduko dute San Juanen. 200 metro karratuko izango ditu eta Deba eta Urola bailarei emango die zerbitzua

Gipuzkoako Elikagai Bankuak biltegia zabalduko du herrian. Bertako arduradunen esanetan, apirilean zabalduko dute eta San Juan auzoko 200 metro karratuko pabilioi baten egongo da. Oraindik ere pabilioia egokitzeko lanekin hasi ez diren arren, laster hasiko dituztela ere gehitu dute bankuko arduradunek, apiril hasierarako prest egotea nahi dute eta.
Bestalde, azpimarratu dute bailarako boluntarioen artean biltegi berriak izan duen harrera onari esker irekiera data aurreratzeko aukera izan dutela. Horrekin batera, gehitu dute biltegi hori irekitzeko diru laguntza eman dutela Gipuzkoako Foru Aldundiak eta beste hainbat erakundek.
Boluntarioei dagokienez, 35 arituko dira biltegi berrian eta euren zeregina izango da elikagaiak jasotzea, gordetzea eta banatzea.

6.000 pertsona gehiago

Gaur egun Oiartzundik banatzen ditu Gipuzkoako Elikagai Bankuak elikagaiak, doan, Deba eta Urola bailaretara. 2010ean egoera oso larrian eta gizarte-bazterketa arriskuan zeuden 2.500 bat pertsona lagundu zituzten, bi bailarotako elkarteen bitartez. Bada gurean zabalduko duten biltegi berriarekin lagunduko duten pertsona kopurua nabarmen handitzea espero dute. Hau da, beste 6.000 pertsona gehiagori laguntzeko moduan egongo direla uste dute.

Laguntzeko, izena eman

Gipuzkoako Elikagai Bankutik janaria hartu nahi duten Debagoieneko elkarteek eskaria egin dezaketela ere aurreratu dute Elikagai Bankutik.
Horretarako  943 49 37 96 telefono zenbakira dei dezakete eta bancalig@hotmail.com helbidera idatzi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak