Pantxoa eta Peio, hiru hitzaldi eta omenaldia Monzon goratzeko

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko ots. 11a, 16:53

Berbaldiak, Pantxoa eta Peioren kantaldia, omenaldia, argazki erakusketa… antolatu nahi dituzte Telesforo Monzon bergararra hil zela 30 urte betetzera doazenean. (Argazkiak: Bergarako Udal Artxiboa. Roman Larrañaga Fondoa)

Horretaz gain, aurtengo abuztuan Zuberoako Larrain herrian egingo den Pastorala, Monzonen gainekoa izango dela-eta, Bergara ekarri nahiko luke Udalak irailean.

Martxoaren 9an beteko dira 30 urte Telesforo Monzon hil zela.

Udalak eta Olaso Dorrea fundazioak antolatu nahi dituzte ekitaldi horiek guztiak.

Monzon gogoan

Hiru berbaldi egingo dituzte Olaso Dorrean, 19:00etan hasita, martxokoaren 7an, 11n eta 14an. Lutger Mees, Koldo Izagirre eta Iñaki Egaña izango dira hizlari.

Martxoaren 7an, Lutger Mess historiagile eta EHUko Euskara errektoreordeak, aztertuko ditu Monzon agintaria, Eusko Jaurlaritzako sailburu izan zenekoa, Espainiako II. Errepublika, erbestea… Martxoaren 11n, Koldo Izagirre idazleak, Monzon kulturgilea aztertuko du. Iñaki Egaña historiagileak, azkenik, azkeneko urteak izango ditu berbeta gai: ezker abertzalera hurbildu zenekoa, Iparraldea, trantsizioa… Martxoaren 14an izango da hori.

Telesfono Monzon plaza

Bestalde, martxoaren 9an, Monzon hil zela 30 urte betetzen diren egunean, plaka jarriko diote Telesforo Monzon plazari. Izan ere, Udal artxiboaren gaineko plazatxoak, Olaso Dorre ondokoak, ez dauka plakarik, Telesforo Monzonen izena eduki arren. Horretaz gain, Olaso Dorrearen ate aurrean aurreskua dantzatu eta lore sorta ipiniko dute. Bergarako Udalak omenalditxoa eskaini nahi dio horrela.

Pantxoa eta Peio

Panxoa eta Peioren emanaldia ere izango da. Udal pilotalekuan, martxoaren 12an. Iparraldeko bikoteak harreman handia izan zuen Mozonekin eta honek idatzitako testuekin egindako abestiak oso famatuak egin ziren trantsizio garaian batez ere. Itziarren semea, Batasuna, Lepoan hartu ta segi aurrera… dira horietako batzuk.

Bestalde, San Martin jaietan, irailean, Monzonen gaineko erakusketa egin nahi dute argazkiekin-eta. Udal artxiboaren ardura da erakusketa prestatzea.

EAJko kide

Telesforo Monzon abenduaren 1ean jaio zen Bergaran. Familia aberatsekoa, haren aita Bergarako alkate izan zen. Madrilen egin zituen zuzenbide ikasketak eta han lizentziatu zen. Gaztetan abertzaletasunaren tesiak berenganatu zituen eta 1930ean, Aberri eta Comunionek bat egin —Bergaran egin zen ekitaldian— eta EAJ batu zenean, EAJn sartzea erabaki zuen; 1931n afiliatu zen. 1933an, Espainiako II. Errepublika garaiko Legebiltzarreko diputatu hautatu zuten EAJren izenean. 1936an, Euskadiko Gudarostea antolatzen ibili zen. Urte hartan ezkondu zen Eskoriatzan, Maria Josefa Ganuzarekin, hau ere familia aberats bateko kide.

Lehen Eusko Jaurlaritzako Gobernazio sailburu izendatu zuen Jose Antonio Agirre lehendakariak 1936an. 1937an, erbestera alde egin behar izan zuen. 1946an, Kultura sailburu izendatu zuten. 1953an, artean erbestean zela, laga egin zuen sailburu kargua Agirre lehendakariarekin ez zelako ondo konpontzen.

Ezker abertzalerantz

1960an, Agirre lehendakariaren heriotzaren ostean, EAJrengandik urruntzen hasi zen eta Ipar Euskal Herriko errefuxiatuekin harremanak estutzen. 1977an, Hego Euskal Herrira itzuli zen eta EAJren Lapurdiko Uri batzarrak alderditik kanporatu egin zuen. Urte hartan, abuztuaren 5ean, harrera bero eta jendetsua eskaini zitzaion Bergaran, jaioterrian, askatasunaren aldeko ibilaldiarekin bat eginez. 1978an, Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen. 1979an Espainiako Gorteetako diputatu aukeratu zuten HBren izenean; 1980an Gasteizko legebiltzarkide (HB).

1981ean, Donibane Lohitzunen hil zen, martxoaren 9an, 75 urte zituela. Bergarako San Pedro elizan egin ziren haren aldeko hileta elizkizunak martxoaren 12an. Bergara jendez bete zen. Jaioterrian lurreratu zuten familiako panteoian.

'Monzon' pastorala Larrainen

Abuztuaren 7an eta 14an eskainiko dute Larrainen (Zuberoa) Monzon pastorala. Pastorala uda guztietan eskaintzen da Zuberoako herriren batean. Aurten, Larrainen izango da eta hango herritarrak hasiak dira prestatze lanetan. Oso noizbehinka eskaintzen da Hegoaldean. Hain justu ere, Hegoadeko pertsonaiaren baten gainekoa denean. Hori da, hain justu ere, aurtengo kasua, Monzonekin. Bergarako Udalak nahiko luke pastorala Bergaran eskaini. San Martin plazan, horretarako harmailak-eta jarrita. Baina, oraingoz, asmoa besterik ez da. Hasierako harreman batzuk izan dituzte, baina erantzuna "larraindarren eskuetan" dagoela esan digu Maite Guridi Bergarako Udaleko euskara batzordeburuak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak