Bergarako Eguneko Zentroa inauguratu dute gaur

Irati Goitia 2011ko otsailaren 10a

Gaur inauguratu duten arren, abendutik daude erabiltzaileak zentroan. Ekitaldian, Agurne Barruso herriko alkatea, Iñaki Agirre Aita Menniko zuzendari gerentea eta Maite Etxaniz Gizarte Politikarako foru diputatua izan dira, besteak beste.

Bi urteko lanen ostean, gaurko eguna, kostata iritsi den eguna izan dela esanez hasi du Agurne Barruso alkateak inaugurazioko ekitaldia.  Pozik azaldu da baina, iritsi delako eta adinduak Bergaran bertan gelditzeko aukera dutelako.

Izan ere, lanek iraun duten bitartean Antzuolara joan-etorrian ibili behar izan dute Eguneko Zentroko erabiltzaileek eta eurak ere pozik agertu dira etxetik gertuago daudelako.

Eguneko Zentroak ematen duen zerbitzua ere goraipatu nahi izan du alkateak eta adierazi du zerbitzu garrantzitsua dela herritarrentzat.

Iñaki Agirre Aita Menniko Zuzendari gerenteak esan du helburua dela Eguneko Zentroko erabiltzaileei balio erantsia duen arreta integrala eskaintze.

Bergarako zentroak 25 plaza ditu eta beste zentro batzuekin alderatuta, badu bereizgarri aipagarri bat. Izan ere, asteburuetan ere ematen du zerbitzua.

Maite Etxaniz Gizarte Politikarako foru diputatuak azaldu du inaugurazioan, legealdi honen hasieran Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen bigarren mapa egin zutela 2012rako helburu batzuk finkatzeko.  Gure eskualdean helburu horiek dagoeneko beteta daudela adierazi du. Horren lekuko zifra batzuk eman ditu: Debagoienerako 120 plaza aurreikusten ziren eguneko zentroetan eta Bergaran gaur inauguratu dutenarekin 161 plaza izango dira guztira. Egoitzetako plazei dagokionez, 518 plaza aurreikusten zituen mapa horrek gure bailararako eta egun 534 plaza dauzkagu. Unitate psikogeriatrikoei dagokienez dagoeneko 45 plaza ditugu ibarrean. Helburuak beteta egon arren, Etxanizek esan du erakundeak herritarren beharretara egokitu behar direla ere gaineratu adi egongo direla herritarren beharrei erantzuteko.

Bergarako Eguneko zentroa, baina, 25 plazak beteta dituela inauguratu dute. Horren aurrean, Antzuolako Zentroa ere hor dagoela gogoratu du diputatuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak