Arcelorreko langileendako gauzek ez dute hobera egin

Leire Kortabarria 2011ko otsailaren 9a

Arcelor Mittal multinazionalak jakinarazi du 2011rako "aurreikuspen nahiko onak" dituela eta produkzioa handitu egingo duela Hego Euskal Herrian eta Espainian dituen lantegietan. Zehazki, esan du Bergarako eta Olaberriako lantegiak "martxa onean" dabiltzala lanean. Baina Bergarako langileen sentsazioa oso bestelakoa da: "Oraingo hilerako lana justu daukagu, eta datorren hilean izango ote dugun kezka daukagu", esan digu enpresa-komiteko ordezkari batek.

ELAko Arcelorreko ordezkari Xabier Garitanok esan digunez, Bergarako langileek "prentsan agertu dena" bakarrik dakite enpresa zuzendaritzaren asmoen gainean. Egubakoitzean batzartuko dira enpresa-komiteko kideak arduradunengana jotzeko (azken horiek Zumarragan daude).

Baina eurek lehengo bezala jarraitzen dute: "Oraingo hileko orduak betetzeko adina lan badaukagu, baina datorren hilean zer gertatuko den ez dakigu". Garitanok gaineratzen du abenduan bukatu zela lehenengo EREa, eta enpresak ekainera arte luzatzea eskatu zuela. "Horrek esan nahi du gauzak ez doazela nahi adina ondo", esaten du ELAko ordezkariak.

Lehen bezala jarraitzen dute

Bergarako altzairu-labea itxita dago. Gipuzkoan beste bi labe ditu Arcelorrek, Zumarragakoa eta Beasaingoa. "Gipuzkoan bi izanda, momentu honetan bat soberan daukate. Esan ziguten aldi baterako itxiko zutela, baina guk ez dugu sinisten aldi baterako denik", esaten du Xabier Garitanok. 2009az geroztik dago labea itxita.

Bergaran, Zumarragan eta Beasainen 222 langile daude. Bergarako sei langile Beasaingo lantaldean sartu dira azkenaldian. Bestalde, Bergarako hainbat langile Zumarragara eraman zituen enpresak, eta horrela jarraitzen dute. Bergaran laminazio lanak bakarrik egiten dira. Bestalde, azken urtean 60 urte bete zituzten pare bat langileri aurre-erretiroa eskaini zien enpresak, eta onartu egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak