Iazko martxoan batzar irekiak antolatu zituen Bergarako Udalak herritarrekin batera, etorkizuneko erabilera askotako kultura aretoa definitzeko. Ondorio hauetara iritsi ziren batzar haietan: Bergarak behar du 600-800 lagunendako lekua eta kamerinoak izango dituen erabilera askotako antzokia. Horixe izango da espazio nagusia. Eta, bestalde, herriko kultura eragileek entseatzeko gelak: musika, antzerkia, dantza, orkestra, banda, dantza akademia…
Hori oinarri hartuta, proiektu urbanistikoa egitea aginduko du Udalak eta, bestalde, proiektu hori egiten laguntzeko jarraipen batzordea osatuko du kultura eragileekin eta martxoko batzar irekietan parte hartu zutenekin.
Ibaiondoren urbanizazioa
Auditoriumaren proiektua ez da, ordea, Bergarako Udalak aurtengo aurrekontuetan inbertsioetarako aurreikusi duen partidarik handiena. Izan ere, Udalbatzak astelehenean onartu zuen 25.096.809 euroko aurrekontua aurtengorako. Aurreko urtean baino 450.000 euro inguru gehiagokoa. Gobernu taldearen aldeko botoekin, EAren abstentzioarekin eta EAJren eta PSE-EEren kontrako botoekin egin zuten aurrera aurrekontuek.
Eta, inbertsioetarako, 2.809.0624 euro bideratuko ditu; iaz baino %70,3 gehiago. Ibaiondo kalearen urbanizazioa izango da diru partidarik handiena. Hain justu ere, 516.710 euro bideratuko dituzte horretara.
Beste inbertsio aipagarrienak honako hauek dira: San Migel eta Galarraga kaleetarako sarbiderako, 200.000 euro; Algodonerako tuneletik Candyko sarrerarainoko kuneta handitzeko, beste 120.000 euro; Ibargarain trafiko aldaketak eragingo dituen lanetarako, beste 120.000 euro; San Migel kaleko 7 eta 9 eraikinak bota ostean geratu den orubean aparkalekuetarako egokitzeko, 110.000 euro, eta Ubera auzoan ur sarea jartzeko, beste 110.000 euro. Bestalde, herrigunean hainbat zoladura lan egingo dituzte aurten eta, horretarako, 75.000 euro bideratuko dituzte.
Pasealekua txukundu
Ibaiondo pasealekua txukuntzeko proiektua aurki esleitu nahiko luke Udalak. Hiru helburu bete nahi dituzte kalea ordenatzerakoan: aparkalekuaren arazoari irtenbidea ematea; erreka bazterra balioztatzea, erabilerak bateragarri eginda; eta, azkenik, Aspace inguratzen duen gunea txukuntzea. Etxeaundi jauregi ondoko sarreratik hasi eta beste muturrean dagoen zubipeko sarrerarainoko bidea txukunduko dute.
Bi norabideko bide berria
Ziburuen ondoan, noranzko bikoitzeko bidea egingo dute, 6 metro zabalerakoa, Matxiategi kaletik sarrera eta irteera izango duena. Bide hori egiteak ekarriko du, besteak beste, ziburuen gunea apur bat mugitu behar izatea eta baita iturria ere. Bestalde, Etxeaundi ondoko sarrera noranzko bakarrekoa izango da. Aparkalekuak ere ordenatuko dituzte eta 86 ibilgailurendako tokia izango da aurrerantzean. Eta, errekaren kontran, oinezkoendako espaloia egingo dute 2,5 metro zabalerakoa. Ibilbide osoan —370 metro— hiru atseden gune izango dira arbola eta eserlekuekin.