Bergarako Udalbatzak 2011ko aurrekontuak onartu ditu

Irati Goitia 2011ko otsailaren 8a

Atzo onartu zituzten ez-ohiko bilkura batean Bergarako 2011ko aurrekontuak. Onartutako aurrekontu orokorra 25.096.809 eurokoa da, aurreko urtean baino 450.000 euro inguru gehiagokoa. Udal Gobernu taldearen aldeko botoekin, EAren abstentzioarekin eta EAJren eta PSE-Eeren kontrako botoekin egin zuten aurrera aurrekontuek.

Atzo, Bergaran egin zuten ez-ohiko bilkuran hainbat gai jorratu zituzten: nagusiena eta eztabaidatuena aurrekontu orokorrak. 21.838.433 eurokoa izango da Bergarako Udalaren aurrekontua 2011rako. Mizpirualdera 4.162.128 euro bideratuko dira, Udal Euskaltegira 463.882 eta 395.700 Bergarako Bihargintzara. Beraz, aurrekontu bateratua da 25.096.809 euro.

Aurreko urtearekin alderatuta inbertsioek indarra hartuko dute 2.809.0624 euro bideratuko dituzte horietara; iaz baino %70,3 gehiago. Egingo dituzten inbertsiorik aipagarrienak: Ibaindoko urbanizazioa, Ur kontsortzioko saneamendua eta Auditoriumeko proiektua. Bestalde, hainbat urbanizaziotarako ere bideratuko da dirua, adibidez, herritar askok eskatutako Mayc-eko areka konpontzeko.

Pertsonal gastuak bestalde, iazkoen parekoak dira: 7.075.000 euro. Edozein kasutan puntu horrek zeresan handia eman zuen atzoko saioan. Bestalde, gastu arruntak %2,9 jeitsi egin dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak