Cespa eta Udala salatu zuten lau kale garbitzaileek epaia irabazi dute

Lander Muñagorri 2011ko otsailaren 3a

Udalbatzak epaia errekurritzea erabaki zuen astelehenean, osoko bilkuran. Epaitegiak helegitea atzera botako balu, udalak 222.149 euroko kalte ordaina eman beharko lieke langileei kaleratze ezegokiagatik

Irailean Bergarako Udalak kaleak garbitzeko zerbitzua bere gain hartu zuen, eta orduz geroztik eztabaida ugari egon da garai hartan zerbitzua ematen zuten langile batzuren, Cespa enpresaren eta Udalaren artean. Irailera arte Cespa enpresak ematen zuen zerbitzu hori, baina Udalak hartzean, langileek aldi baterako kontratua sinatu zuten Udalarekin, oposizio publikoak gainditzeko baldintzarekin. Eta apurka, deialdi horiek ateratzen ari dela jakinarazi dute Udaletik.
Urgentziazko adostasuna izan zen hori, Udal gobernuaren eta Cesparen artean hartutakoa. 11 langilek ziharduen garai hartan Cespan, baina akordio horrekin ados ez, eta lauk ez zuten kontratua sinatu. Ondorioz, Udalak kaleratu egin zituen. Horrekin guztiarekin, lau kale garbitzaileok salatu egin zituzten Cespa eta Udala irailean.
Gainerako langileek, hasiera batean Udalaren baldintzak onartu arren ere, salaketa jarri zioten, baina epez kanpo aurkeztu zutenez balio gabe geratu zen.


Epaia, urtarrilean
Epaia publiko urtarril hasieran egin zen eta haren arabera, Udalak lau langileok indemnizatu egin beharko ditu kaleratze desegokia egotzita. Hala, 222.149 euro –187.135 euro kalte-ordainei dagokienez, eta 35.013, kaleratzetik honako soldatagatik– eman beharko dizkie Udalak langileei. Dirua eman ezean, Udalak langileok hartu beharko lituzke, Cespan zituzten baldintzekin.


Udalak errekurritu egingo du
Erabakiari errekurtsoa jarriko dio Udalak, astelehenean, ohiko osoko bilkuran onartu zutenez. Udal gobernuaren aldeko botoekin, EAJ eta PSE-EEren kontrakoekin eta EAren abstentzioarekin hartu zuten erabakia. 
Horrekin guztiarekin, Udalak indemnizatzeko aukeraren alde egin du eta horretarako, Banesto banketxeko kontuan sartuko ditu 222.149 euroak. Era berean, 150 euroko gordailua ere egingo du kontu horretan.
Bestalde, Enara Minguez, Gobernazio batzordeburuaren esanetan, "administrazio publikoaren eta enpresa pribatuen artean subrogazioak ez du biderik". Horretarako, Europatik emandako sententzia bat ere bere egin du Udalak, non haren postura defendatzen den.


Langileak gustura epaiarekin
Langileak gustura azaldu dira epaiarekin, arrazoia ematen dielako. Kritika zorrotza ere egiten diote Udal gobernuari. Zera diote: "Gure konbenioan agertzen den bezala, subrogazioak enpresa publiko eta pribatuen artean eman egin behar dira". Eta Cespa enpresarekin lanean zeudeneko baldintza berdinetan jarraitzea eskatzen dute.


Oposizioaren ikuspuntua
Rafa Amasorrain EAJko zinegotziak dioenez, Udalak zerbitzua bere gain hartzeko asmoa aurkeztu zuen unetik beretik zegoen subrogaziorako arriskua, eta orain "epaileak argi eta garbi esan du hala dela. Gainera normala da, enpresa bat zure gain hartuz gero, langileak hor baitaude, eta lehengo baldintza berberetan hartu beharko bailirateke".
Amasorrainek, bestalde, hau ekarri du gogora: "Udalak zerbitzu batzuen ardura hartu behar du, eta beste batzuk kanpoko enpresen esku utzi behar ditu. Kale garbiketaren kasuan, herritarren artean inkesta bat egin zen, eta nahiko ados agertu ziren zerbitzuarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak