Azken hilabeteetan Bergarako ezker abertzalea herriko egoera aztertzen aritu da. Hainbat alorren inguruko azterketa egin dute, eta besteak beste udala, euskara, emakumea, hezkuntza, kultura, migrazioa, etxebizitza, ingurumena, kirola, lana... bezalako gaien inguruan haunarketa egin dute. Diagnosi hori kontuan hartuta, hemendik aurrera herritarren parte hartzean oinarritutako Herri Programa landuko du ezker abertzaleak datorren maiatzean egingo diren hauteskundeei begira.
Horretarako, hauteskundeen jomugarekin, datorren asteazkenetik aurrera "Gipuzkoa eta Bergarari buruzko gai garrantzitsuenen gainean Bergaran inoiz egin den inkesta handiena egingo dugu" jakinarazi zuten asteazkenean eskainitako prentsaurrekoan. Bergarar guztiei galdeketa bat zuzenduko zaie, eta erantzun horiek baliatuz herri programa osatuko dute.
Herritarren iritziak jasotzeko, hainbat bitarteko jarriko dituzte martxan. Etxe guztietara inkestak helaraziko dituzte, herritar bakoitzak berea bete dezan. Erantzun hauek jasotzeko, herri gune esanguratsuetan postontziak jarriko dira. Azkenik, interneten ere webgune bat jarriko dute martxan, herriaren beharren inguruan herritarrek euren iritzia emateko.