Atzo, martitzena, iluntzean eratu zuten Korrika batzordea

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko otsailaren 2a

Bigarrena otsailaren 22an izango da eta herritar gehiago batu nahiko lukete. Angiozarren ere batordea eratu nahi dute eta egubakoitzerako egin dute dei, 20:00etan, salioan.

Korrika 17 geroago eta gertuago dago. Apirilaren 14an, eguena, 07:00etan, igaroko da Bergaratik eta ordurako guztia prest egon dadin, dagoeneko hasi da lanean herritar talde bat. Hain justu ere, atzo, martitzena, iluntzean egin zuten lehenengo Korrika batzordea eta han batu ziren, Jardun elkarteko, Lab sindikatuko, Mariaren Lagundia eta Aranzadi ikastoletako, Miguel Altuna institutuko eta Musika Eskolako ordezkariak. Haiekin batera, Debagoieneko Korrikako arduradun Maite Ilarduia bergararra ere egon zen.

Batzordeok irekiak dira, eta nahi duten herritar guztiek har dezakete parte. Hurrengo batzordea otsailaren 22an izango da, 19:00etan, kultura etxean.

Batzorde horren zereginetako bat da Korrika herritik igaroko den eguna zein aurrekoak girotzea eta dagoeneko hainbat proposamen egin zituzten atzo, oraindik zehazteko dauden arren. Girotze lan horretan Korrika Kulturalak –kultura ekitaldi sorta– garrantzia handia du, baina otsailaren 22an lantzeko laga zuten, horretarako "herriko kutlrua talde gehiagoren falta sumatu" zutelako.

Korrika Txikiari dagokionez, apirilaren 13an egitea adostu zuten, 17:00etan, urteroko ibilbidearekin. 

Angiozarren ere, batzordea

Angiozarren ere Korrika batzordea eratzeko ahalegina egingo  dute. Lehenengoz pasako da handik Korrika –Elgetatik iritsiko da– eta aukera hori aprobetxatu nahi izan du Guraso Elkarteak. Hala, egubakoitzerako egin dute deialdia, 20:00etan, saloian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak