Asteburu bakoitzean bi partidu izaten ditu. Epaile izan aurretik futbolean jardun zuen Madariagak, Eibarren, bost urtez, eta Urola taldean, ohorezko gazte mailan. Biriketako arazo bategatik utzi behar izan du. Dena dela, ez du baztertzen hurrengo urtean berriro jokatzen hastea. Bien bitartean, gustura dihardu epaile lanetan.
Nolatan animatu zinen futboleko epaile izateko?
Betidanik gustatu izan zait futbola, baita arbitratzea ere. Etxean aitak animatu ninduen izena emateko eta joan den urteko urtarrilean hasi nintzen; sei orduko ikastaro bat egin genuen Zumarragan eta handik astebetera hasi nintzen. Legazpiko beste bi lagunekin batera egin nuen ikastaroa eta haiek ni baino gazteagoak ziren, 15 urte zeukaten. Batez ere azpiko mailetan nabil, baina aurreko urtearen amaiera aldera erregional mailako lehenbiziko partiduak zuzendu nituen: Soraluze-Bergara, Mutrikuarrak-Anaitasuna eta Aretxabaleta-Eibartarrak.
Zeintzuk dira, zure ustez, arbitro on baten ezaugarriak?
Aurretik futbolean jokatu izana lagungarria da eta, horrez gain, arauak ondo ezagutzea, jokaldiak jarraitzen jakitea eta jokalariei kasu handirik ez egitea funtsezkoa da; hau da, askotan protestekin mareatu egiten zaituzte eta hobe da norberaren erabakiarekin aurrera jarraitu, norberak ikusitakoarengan konfiantza izatea.
Arauetan nobedaderik izan da aurtengo denboraldian?
Bai; jokalari bat bat jokoz kanpoko posizioan badago eta baloia kontrario batek ukitu ondoren heltzen bazaio, eta kontrarioak nahi barik edo huts baten ondorioz ukitu badu baloia, jokoz kanpo adierazi behar dugu. Lehen ez zen horrela: kontrarioarengandik jasota bazen baloia, ez zitzaion aurrelariari jokoz kanpokorik adierazten.
Txartel asko ateratzen dituzu?
Askorik ez... Nahiago dut lehenbizi jokalariei abisua eman, eta berriro protesta edo falta nabaria errepikatzen badute, orduan bai, orduan ateratzen diet txartela. Normalean, jokalariek eta entrenatzaileek errespetua daukate, nahiz eta batzuk berotzen diren batzuetan...
Mutilen eta nesken artean antzematen duzu diferentziarik?
Neskek gehiago protestatzen dutela esango nuke.
Jokalari ibili zinenean, inoiz kalera bota izan zaituzte?
Txartel gorria behin atera zidaten, aurkari bati "¡Payaso!" esatearren. Arbitroak entzun eta kalera bota ninduen. Irainak eta horrelakoak ezin dira esan; txartel gorria atera behar da horiengatik.
Lehen mailan-eta nahiko zeresan ematen dute epaileek. Zure ustez, zer-nolako maila dago?
Orokorrean, ona. Lehen mailan gu baino erraztasun gehiago dauzkate: gu marrazain barik ibiltzen gara eta lehen mailan marrazainak, laugarren arbitroa, kontaktu gutxiagoko partiduak... Hor ibiltzen diren batzuk gure mailetan ikusi nahi nituzke, ea zer moduz ibiltzen diren ikusteko.
Epailerik gustukoenak?
Mateo Lahoz eta Undiano Mallenco. Gaur egun, nire ustez, haiek dira lehen mailako onenak.
Eta zein iritzi daukazu Mourinhoren etengabeko kexen gainean?
Ez dut uste arrazoi askorik duenik kexatzeko... Gainera, Real Madrileko entrenatzailea kexatzen hastea nahiko barregarria da. Talde asko izaten dira Real Madril baino askoz ere kaltetuagoak ligan zehar eta haien protestek ez dute horrenbesteko oihartzunik izaten, gainera.
Azken munduko txapelketan, Hego Afrikan, polemika ugari egon zen hainbat jokaldi eztabaidagarritan telebista ez erabiltzeagatik, batez ere Alemania-Ingalaterra eta Argentina-Mexiko partiduetan gertatutakoaren ondorioz. Telebistara jotzea baino ez zegoen jokaldiak argitu eta polemika saihesteko.
Bai, horrelakoetan telebista erabiltzearen aldekoa naiz. Azken baten, gauza asko dago jokoan horrelako partiduetan eta arbitroaren huts batek azken emaitza baldintza dezake, zalantzarik ez. Hobe da teknologia erabiltzea, tenisean eta beste hainbat kiroletan egiten den moduan.
Zuri egokitu zaizu inoiz jendearen haserrea sufritzea?
Ez, liskar handirik ez dut izan, zorionez. Protesta gehien Mutrikuarrak-Anaitasuna partiduan jaso nituen, haien ustez etxeko taldearen kontra ari nintzelako. Baina arazorik ez. Toki batzuetan gehiago berotzen da jendea, besterik gabe.
Norekin joaten zara zuzendu behar dituzun partiduetara?
Gurasoek laguntzen didate normalean. Ama da gehien sufritzen duena, aita ohituago dago. Baina ama bai, urduri jartzen da zaleek zerbait esaten badidate. Amama ez da etortzen, baina arbitro hasiko nintzela esan nionean, kontuz ibiltzeko agindu zidan, joko ote ninduten beldur zen...