Infernukua, maiatzerako berriro zabalik

Edu Mendibil 2011ko urtarrilaren 25a

Krisi garai honetan ixten dituzten denda eta komertzioak dira zoritxarreko albiste. Baina albiste pozgarri bat ere iritsi zaigu urte berriarekin batera: Infernukua taberna berritzeko lanetan hasi dira Gabonen ostean eta maiatzerako berriro izango da zabalik.

Alex Gonzalezek, Jabi Larrañaga zenaren ilobak, hartuko du negozioaren ardura. Igeltseroek dihardute egunotan lanean. Barrako mostradoreak paretari itsatsita jarraitzen du oraindik eta baso bat edo beste eta kartak ikusten dira han. Beste guztia bertan behera bota dute. Edozein modutan, Alex Gonzalezek esan digunez, lehengo egiturari eutsiko diote. Aldaketa bakarra zera izango da: komunak lekuz aldatuko dituzte araudi berrira egokitu ahal izateko eta sarrera nagusia Masterreka aldetik izango du, elbarrituendako ere egokitua; hala ere, Bideberriko sarrera mantendu egingo dute.

Barra lehengo berdina izango da: Gineatik ekarritako palo rojo deritzon egurrarekin egindakoa da, 1925. urte inguruan, eta ondoren Jabi Larrañagak taberna irekitzerakoan JLB (Jabi Larrañaga Barrena) hizkiak gehitu zizkioten. Jabi ospetsuaren garaian bezala, pintxoak, kazolatxoak eta edariak izango dira tabernaren ikurrak. Giroa ere ez da faltako, jarraitzaile ugari dituen taberna baita.

Lau belaunaldi

Matilde Alkarainek ireki zuen Infernukua taberna, 1890. urtean. Orduan jabearen izena zuen, Infernukua izena gerokoa baita. Herriak emandako izena da eta goiko trenbideko bezeroak, mikeleteen galtza gorriak eta tabernako sotoan patxarra eta bestelakoak saltzen zituen gizona nahasten dira izenaren jatorrian. Alex Gonzalezek dioskunez, "Purita [Barrena] amamari halaxe entzun izan diot". Antonio Urzelaik Bergara liburuan jasotzen duenez, Infernukua izena jarri zioten lehendik beste taberna bat zegoelako Zerukoa izenarekin.

Matilde Alkarainek eta haren gizonak, Agapito Arregik, tabernaz gain, pentsioa eta zalgurdi zerbitzua zeuzkaten XX. mendearen hasieran. Arregik Gasteizerako joan-etorria egiten zuen garai hartan. 1920ko hamarkadatik aurrera zalgurdi zerbitzua gainbeheran etorri zen, Gasteizerako trenbidea jarri zutenean.

Espainiako Gerran, 1938an, Tomas Zangitu eta Rita Aperribai senar-emazteek hartu zuten lokala, taberna eta estankoa jarriz.  Masterrekako eraikinean jaio ziren haien zortzi seme-alabak eta 1969ra arte izan zuten taberna. Gaur egun Irizar kalean duten lokalean zabaldu zuten Zangitu estankoa 1967 urte inguruan eta tabernak zertxobait gehiago iraun zuen zabalik.

Jabi Larrañagak Matilde Alkarain birramonaren negozioari eutsi zion berriz 1980ko hamarkadan. 1982ko San Martin jaien bezperatan, irailaren 15ean, inauguratu zuten eta, bitxia bada ere, Pol-Pol taberna ere egun berean zabaldu zuten. Biak ala biak erreferenteak izan dira belaunaldi askorendako. Pol-Pol joan den uztailaren 31n itxi zuten, 28 urteko ibilbidearen ostean; Infernukua tabernak, berriz, 2003ko irailaren 23an itxi zituen ateak, Jabiren heriotzarekin batera. Maiatza aldera berriro irekiko ditu. Azken urteotako bezero asko eta asko egun hori heltzeko gogoz daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak