Info7 irratia dagoeneko entzungai 100.2 frekuentzian

Maider Arregi 2011ko urt. 22a, 17:41

Pilotalekua beteta, 500 lagun inguruk gozatu zuten Sebastian Lizaso, Sustrai Colina, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Aitor Mendiluze eta Jon Maiaren bertsoekin. Antolatzaileak eta bertso eskolakoak pozik azaldu ziren Info7 irratiaren alde urrats handia ematea lortu baitzuten.

Oñati, Antzuola, Arrasate, Bergara, Eskoriatza… Bailara osoko jendeak gozatu zuen bertso saioaz. Info7 irratiak, saretik FM-ra salto egin eta zuzenean eskaini zuen saioa FM-ko 100.2 frekuentzian. Joseba Goikoetxeak denetariko gaiak jarri zituen oholtza gainean: tabakoaren aurkako legea, 27ko greba,  AHTko obrak, Info7 irratia. Umore eta gaurkotasun gaiak uztartu zituen Goikoetxeak. 

Umorea nagusi

Sebastianek bere umore fina erakutsi zuen beste behin. Iturriagak ere mozorro kontuak gaitzat, umorea erabili zuen armatzat eta publikoa gaztearekin bat egiteko. Giro ezin hobea jarri zuen azken ilarako entzuleekin. Ikuslea umoretsu, gogotsu eta bero zegoen. Berotasun hori bertsolari batek baino gehiagok eskertu zuen.

Eta nola ez, tabakoaren legeak bat baino gehiago aztoratu zuen. Batzuk legearekin ados  egon ez arren, pilotalekuan batu ziren guztiek errespetatu zuten txantxa eta barre artean.

Jose Luis Elkorori Igor Elortzak bakarkako hiru  bertso hunkigarri bota zizkion jakinda Elkoro  etxetik zegoela saioa jarraitzen. "Ikara, beldurra eta izua" bukaerak emanda, saioa borobildu zuen Elortzak.

FM-rako jauzia emanda

Internetetik FM-rako jauzia eman berri du Info7 irratiak. Hau entzuteko antenak, baina, 6.245 euroko kostua du, eta kopuru horri aurre egin ahal izateko kanpaina abiarazi du herritar talde batek. Hala, lagundu nahi duten herritarrek jakin dezatela bi bide daudela: antolatzen diren ekimenetan parte hartuz eta bazkide eginez hilean 7 euro ordainduta; Arranon dago horretarako aukera. Zapatuan, hilaren 29an, Xarma, Danbakako irabazleak, Never Surrender eta Dirty Brothers talde arrasatearrek kontzertua eskainiko dute Bergarako gaztetxean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak