Arantzazu Loidi: "Herrian genero ikuspegia txertatzeko beharra dago"

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko urtarrilaren 21a

Udalak iaz, maiatzean, emakume eta gizonen arteko berdintasun plana onartu zuen. Agintaldiko lehentasunetako bat da Udal Gobernuarentzat

Berdintasun Planaren lehen urrats moduan  diagnostikoa egin duzue. Nola dago Bergara berdintasun arloan?

Diagnostikoak agerian laga du Udaleko jardueretan eta, herri mailan ere, genero ikuspegia txertatzeko premia. Beharrezkoa da Udaleko politikoek eta teknikariek berdintasun-defizitak non dauden identifikatzea eta horrek ekiditeko neurriak hartzea arloz arlo, hainbat eremutan gai horrekiko datuak eta informazioa falta baitira.

Eta zein dira antzeman diren gabezia nabarmenenak?

Hainbat. Komunikazioari dagokionez, bai hizkuntza aldetik (euskaraz zein gaztelaniaz), baita irudien aldetik. Esaterako, sarritan gizonezkoak dira erreferentziazko sujetuak, emakumeak aldiz, menpeko sujetu modura agertzen dira; arlo ezberdinetako jardueren planifikazioan eta garatzerakoan orokorrean ez da genero ikuspegia kontuan hartzen; Udaleko erabaki-organoetan, batzordeetan, ez dago parekidetasunik emakume eta gizonen arteko partaidetzan; presentziari dagokionez, orokorrean gizonezkoek egindakoa bistaratzen da, ez da ezagutzen gaur egun zein herriaren historian emakumeek egindako ekarpenik. Gainera, emakumeek egiten dituzten lanei (ordaindutakoei zein ordaindu gabekoei) balio sozial eta ekonomiko handiagoa emateko beharra dago; lana eta bizitza pertsonala uztartzeko, eta familiaren zaintza lanetan, emakumeen eta gizonezkoen ardura banaketaren inguruan, bateragarritasun errealaren kultura zabaltzeko premia dago, eta baita erantzunkidetasunarena ere; eta emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez aurre hartzeko eta arreta hobetzeko premia ere ikusi da.

Nola esku hartuko da arlo horretan?

Planaren ardatzetako bat da. Giza eskubideen urraketa larria eta onartezina da eta desagerrarazteko ezinbestekoa da identifikatzea zeintzuk diren indarkeria bultzatzen duten faktoreak, horiek aldatzeko. Aldi berean arreta hobetzeko Udal Protokoloa egingo dugu.
Orain arte, batik bat, Udal barruan egin duzue lan.
Planak arrakasta izan dezan sail guztiek dagokien lana bere gain hartu behar dute. Horretarako  genero-ikuspegiarekin lan egiteko 36  udal-langilek eta 12 ordezkari politikok formazioa jaso dute. Bestetik, teknikari bakoitzari bere alorreko diagnostikoa eta dagozkion ekintzak ezagutzera eman zaizkie ondoren partekatu eta kontrastatzeko.
2010erako aurreikusten ziren esku-hartzeak garatzeari ekin diogu. Besteak beste, Plana jendarteratzeko ekimenak gertatzen aritu gara; hain zuzen ere, arlo bakoitzaren inguruan diagnostikoak esaten duena eta proposatzen diren esku-hartzeekin arloz arloko liburuxkak gertatu ditugu eta laster kaleratuko ditugu, eta enplegu arloan, prestakuntza ekintzetan emakumeen presentzia sustatzeko sentsibilizazio-lanak ere egin dira.
Bestalde, 2010erako aurreikusten ez ziren beste zenbait ekintzekin ere hasi gara: hizkuntza-irizpideak lantzen hasi gara; kultura arloan, diru-laguntzetarako oinarrietan eta eskaera-orrietan genero-ikuspegia txertatzeko egin beharreko egokitzapenak egin dira; eta hezkuntza arloan, berdintasunaren eta hezkidetzaren gaia hezkuntzako eragileekin lantzeko, ikastetxeei elkarlanean aritzea proposatu diegu eta beraien adostasuna jaso dugu.

Aurrera begirako ze lan dituzue?

Asko dira, besteak beste, herriko gizarte eragile, elkarte, erakunde, eta herritarrei diagnostikoak eta plana arlo bakoitzari lotutako informazioa beraien artean zabaltzea, kontrastatzea eta elkar lanean aritzeko bideak jartzea eta Emakumeenganako indarkeriari aurre egiteko Udal Protokoloa egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak