Irizar etxea zaharberritzeko lanak aurrera doaz. Dagoeneko "akaberekin" dihardute: "lixatze eta bernizatze lanekin, argiteriako luminariak jartzen…", Zetabi Arkitektura Bulegoko kide Xabi Zubiak azaldu duen moduan. Hain justu, bulego hori da jauregia zaharberritzeko proiektua egin duena eta baita obraren zuzendaritza daroana ere.Bada, hori eraikinari dagokionez, baina kanpoko hirigintza lanak egitea ere falta da eta baita etxea eta haren lorategia inguratuko duen itxitura berria ere.
Horrekin guztiarekin, lan guztiak, etxe barruko zein kanpokoak, otsail bukaerarako bukatuta egongo direla aurreratu du Agurne Barruso alkateak.
Itxitura berria
Eraikinaren kanpoko aldean egingo diren lanei dagokienez, bi dira nagusiak. Batetik, etxea eta haren lorategia inguratzen dituen itxitura berria egingo da. Gaur egun dagoen horma bota egingo dute eta Jon Muniategiandikoetxea bergararrak diharduen Vaumm arkitektura estudioak diseinatutakoa jarriko dute. Acero cortenez egindako xaflek osatuk dute hesia. Alkateak azaldu duenez, Irizar etxeko labirinto itxurako lorategi zatia, lorategi historikoa da eta babes berezia duenez, horren arabera egin da itxitura.
Itxitura horrek, lorategiaren izaera errespetatuko du, gaur egungo erabilerara egokituz. Hala, lorategi historikoaren zatiari dagokionez, acero certenez egindako xaflek inguratuko dute, lorategiaren hasierako izaera pribatua adieraziz, eta xaflen artean zirrikitua egongo da lorategia ikusi ahal izateko.
Labirintotik aldendu ahala, xaflen arteko tartea handitzen joango da, eta Irala kalera ematen duen aldean lorategia erabat zabalik egongo da, Irala eta Irizar kaleekin integratzeko.
Kanpoko aldean egingo den bigarren lana da azpiegitura berriak sartzearekin batera, zorua egokitzea Irizar eta Irala kaleen arteko bidegurutzean hasi eta Gaspar pareraino. Modu horretan batasuna eman nahi zaio inguruneari.
Jauregiko lanak
Bigarren E Planaren baitan egiten dihardu Udalak lanok eta behin bukatuta, hezkuntzara bideratuko du. Hau da, Helduen Heziketa Iraunkorra (lehen solairuan), Udal Euskaltegia (2. solairuan eta Kzgunea 3. solairuan) hartuko ditu Irizar jauregiak.
Eraberritze lan sakona egin dute Irizarren eta etxearen jatorrizko izaera mantenduz, gaurko beharretara egokitu dute, irisgarritasuna erabat bermatu. Hain zuzen, irisgarritasunari dagokionez, aipatzekoa da sarrera berria zabaldu dutela, batik bat mugikortasun arazoa dutenendako –Barrenkalea 35 eraikinaren eta Irizar etxearen artean–, zuzenean igogailura iristeko.