Bi saskibaloi partidu asteburuan Labegaraietan

Edu Mendibil 2011ko urt. 21a, 11:00

Senior mailako Soraluce BKE saskibaloi taldeak Eibarko Ruibal Alquiler de Vehiculos taldea hartuko du domeka arratsaldean Labegaraietan, 17:00etan. Junior mailan, berriz, Bergara eta Easo Haizea izango dira aurrez aurre zapatuan Labegaraietan, 12:45ean.

Aurreko zapatuan Sustrai Aloña Mendi taldeari erraz nagusitu ondoren (45-74), Soraluce BKE saskibaloi taldeak Eibarko Ruibal Alquiler de Vehiculos taldea izango du bisitari domekan Labegaraietan, 17:00etan. Teorian behintzat partidu erraza izango dute David Urbinaren mutilek, eibartarrak sailkapeneko azken aurreko tokian baitira, garaipen bakar batekin. Etxeko taldeari dagokionez, bergararrak gorako bidean dira joan den asteko garaipenaren ostean; zazpi partidu irabazi eta bost galdu egin dituzte mahoneroek. 14 talde dira lehian Gipuzkoako bigarren mailan eta Bergara seigarren tokian dago, 19 punturekin. Haien aurretik dira Aluminios Francisco Alberdi (20 puntu), Sustrai Aloña Mendi (21), Easo Zahar eta Leihoak Zast (22na) eta Teklan Laser (23 puntu).

Edozein modutan, etxean ez dabiltza oso fin. Bergaran jokatutako azken bi partiduetan, galtzaile atera dira Aluminios Francisco Alberdi (50-54) eta Leihoak Zast (50-67) taldeen aurka. Hurrengo astean ere etxean jokatuko dute Gabi Jatetxea azkenaren aurka eta bi etxeko bi partidu horiei helduz gero, sailkapeneko aurreko postuetara igo daiteke Urbinaren taldea.

Junior mailakoa, zapatuan

Zapatuan bestalde junior mailako mutilen taldeak Easo Haizea taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Labegaraietan, 12:45ean. Junior mailako partaidetza ligan zazpi taldek dihardute eta Bergara azken aurreko tokian dago lehenbiziko bi jardunaldiren ostean. Joan den aste bukaeran Oiartzunen 67-58 galdu zuen Iker Barberok zuzendutako taldea. Edozein modutan, itxura polita erakutsi zuen Soraluce BKEk liderraren kantxan. Zapatuan ere ez dute partidu erraza izango Donostiako Easo Haizea taldeak, Oiartzunek bezala, jokatutako bi partiduak irabazi dituelako. Bergarako gainerako saskibaloi taldeek etxetik kanpo jokatuko dute oraingo asteburuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak