Dagoeneko bukatu da amodiozko gutunen lehiaketan parte hartzeko epea eta Jarduneko ordezkariak pozik daude aurten ere izandako erantzunarekin.
Guztira 56 gutun jaso dituzte, 43 emakumezkoek idatzitakoak eta 13 gizonezkoek idatzitakoak. Adinaren batez bestekoari dagokionez, 26 urtekoa izan da eta azpimarratzekoa da, aurten lehenengoz sortutako beteranoen sailean, hiru lagunek hartu dutela parte.
Gutun gehienak Gipuzkoatik jaso dituzte, 41, hain justu. Horietatik 20 Debagoienekoak eta 11, Bergarakoak. Horrez gain, Bizkaia, Araba eta Nafarroatik ere jaso dituzte gutunak.
Epaimahaia aukeratuta
Epaimahaiari dagokionez, kultura munduko pertsonaia ezagunek osatuko dute : Ines Osinaga Gose taldeko abeslariak, Itxaso Paia bertsolariak, Gari Berasaluze idazleak, eta Juan Mari Agirreurreta iazko irabazleak.
Epaimahai gazteari dagokionez, Aranzadi ikastolako Maddi Mujika eta Alazne Murgizuk eta Ipintza institutuko Josu Unamuno eta Nora Txintxurretak osatuko dute.